Mª Jose Carrère Alberdi, lanbidez estilista eta prestakuntzaz autodidakta den artista, Errenterian jaio zen (1968). Bere erakusketan 52 elementu aurkezten ditu guztira, paperez, paper gainean garatuak, koloreztatu eta inprimatuak, eta euskarri honetan ohikoa ez den trinkotasuna lortzen du horrela.
Bere lanek, itxura nabarrekoak, mundu geometriko batera hurbiltzen gaituzte, baina baita giza irudira ere ikuspegi xalo batetik, eta horretarako inuzentekerietako panpinatzar tipikoaren irudia erabiltzen du.
Hiru dimentsiotan ikus ditzakegun elementuetako hamar ere paperetik abiatuta sortuak ditu. Paper prentsatua, estalia, kolaz itsatsia eta azkenik margotua, beren artean elkarturiko irudiak. Bukatzeko, bost pieza zurezko xaflaz osatuak, osagai dituzten elementuen gainjartzeari esker oreka lortzen dutenak.
|