ERAKUSKETA:
DARÍO URZAY
Frakzio batean [Itzulgarria] 2023ko azaroaren 10etik 2024ko martxoaren 31ra
Komisarioa: Mikel Onandia
© Itzulgarria (irudi zenitalak), 2023 Darío Urzay, VEGAP, Donostia / San Sebastián, 2023
Erakusketak, Mikel Onandia komisario duela, Darío Urzayk 1997tik 2023ra bitartean egindako 50 obra baino gehiago aurkezten ditu, lau areto handitan banatuta. Erakusketa-diskurtsoa 6 atal edo sailetan egituratuta dago: Fotografikoa denetik abiatuta, Camerastrokeak, Sedimentu urtuak, Airetiko irudiak, Erretinako topografiak eta Denbora hedatu bat. Fotografikoa denetik abiatuta Ikusizkoaren zurrunbilo betean murgilduta gauden honetan, erreala dena eta haren irudia elkarri gainjartzen zaizkion honetan, Darío Urzayk bere burua pinturan kokatzeko modu bat aurkitzen du analogikoan, argazki-negatiboan —kamerak hartutako argi-erregistro horretan, zeinak, positibatu gabe, ezkutuko errealitate bat zaintzen baitu—; bikoiztasunaz, niaren zatiketaz eta artearen zentzuaz —eta hedaduraz, giza existentziaren zentzuaz ere bai— hausnartzeko aukera ematen dion erdibitze edo zatibitze moduko bat, alegia. Camerastrokeak 1991n, Urzayk hainbat argazki egin zituen Burgosko katedralaren barruan. Ekintza performatibo batean, kamera eskuan, ausazko mugimendu adierazkorrak egin zituen airean, pintzelkada birtualak emanez bezala, espiritualtasunez beteriko argitasun hura hartu nahirik. Camerastroke izenez bataiatuak, irudiok hainbat lan garrantzitsuren ernamuina izan ziren hurrengo urteetan. El ausente (blind spot-un cuerpo expandido) (1996-1997) izeneko obran, goratzea, igotzea iradokitzen duen giro poetiko bat sortzen du. Lan honetan, argazkia, presentziaren eta absentziaren ikur aldi berean, irudirik gabeko irudikapen bihurtzen da, desagerpenaz mintzo zaigun eite bat. Odol-gorri koloreko putzu handia, materia piktorikoz osatua eta poliki lebitatzen hasia, da horren berrespena.
Urzayk Iberdrola Dorreko Pasaje nocturno I eta Pasaje nocturno II obrak egiteko (2011) baliatu zituen Camerastrokeak beste lan batzuen oinarri izan ziren aurrerago. Horietako bat dugu Curfew (2020): marrazki tankerako irudi txikiz osatutako argazki sail bat, eskala eta izaera intimo eta etxeko bati erantzuten diona.
Sedimentu urtuak Darío Urzayk sedimentuarekiko eta haren urtzearekiko duen interesa materiaren solidotze- eta likidotze-prozesuetan zertzen da. Harrizko moldeen bidez egindako buztin izoztuko gorputzak hartu, eta euskarri batean uzten ditu, giro-tenperaturan, egoera likidora iritsi arte (artistak ehunka argazkiren bidez erregistratzen du desizozte hori). Gorputz horiek, gero, hainbat obraren oinarri dira: Memorizando estratos (2009) da horietako bat, non hainbat lekutan bildutako arrokak pinturazko orban batean diluitzen baitira.
Airetiko irudiak 2005ean, Darío Urzay abioneta-hegaldiak egiten hasi zen, airetiko argazkiak egiteko. Argazki horiek dira, esplizituki edo inplizituki, haren ondoko urteetako pinturaren oinarria. Ikuspegi zenitalaren bidez —XVIII. mendea baino lehenagoko, hau da, lehen globo-hegaldiak bano lehenagoko pintoreek ezagutu ez zuten ikuspuntu bat delako interesatzen zaio—, goitik beherako perspektiba gehitu zion Erdi Aroan (Barrokoan batez ere) hain ugari irudikatu ziren Igokunde eszenetako behetik gorako perspektibari.
Airetiko ikuspegien artean, Sajazarran (Errioxa) egindakoak nabarmentzen dira. Lurrak, mendiak, basoak, bidexkak eta belardiak izaera piktorikoko eremu bihurtzen dira. Urzayk erakusketa-aretoko paretetan instalatu ditu argazkiok, egiazko mapa geografiko batekin bat eginaraziz. Era horretan, argazkiok irudikatutakoaren kokapen zehatzaren aurrean jartzen dute ikuslea, eta zeru-perspektiba bat sortzen da, erakusketa osoa hartzen duena. Camerastrokeak espazioko gorputz-keinuak badira, irudi hauek keinu izoztuak dira, espaziotik 200 km/h-ko abiaduran desgorpuztuak.
Erretinako topografiak 2000 urtetik aurrera, modu sistematikoan, Urzay aurreko urteetan egindako aurkikuntzak erabiltzen hasi zen bere lanetan: argazki-negatiboak, erretxina, urtze teknika (birtuala zein erreala). A Negative View-Observator Virtual (2002) izeneko obra bi irudi indartsuz osatuta dago, itxuraren eta esentziaren arteko sinbiosi moduko batean. Mirador distante (tan cerca) (2007) obrak, berriz, Legardako muinoaren (Gasteiz) airetiko argazki bat du euskarri, gero materia zeharrargiz estalia.
Bere azken produkzioan, Urzayk alde batera utzi du erretxina —itxura aseptikoa eta distiratsua ematen zion lanari—, atzera pinturaren fisikotasuna berreskuratzeko. Reversible serieko lanak denboran atzeratutako ekintzen, amets lurruntsuen eszenategi gisa aurkezten dira, artistak airetiko irudien negatiboetatik, ke-arrastoetatik eta mihisearen lautasunean biziberritzen den materiaren urtzetik abiatuta sortuak.
Denbora hedatu bat Keinu-trazu leun eta konstruktiboen eta sugar baten aztarna diren kedar beltzen konbinazioak halako gozotasun bat transmititzen du, gizakiaren hauskortasunaren oroigarri gisa funtzionatzen duena. Pinturaren esentziara itzultzearen emaitza diren aldetik, Darío Urzayren azken lanek erreferentea zalantzan jartzen duten negatibo gisa funtzionatzen dute, erreferente hori etorkizun zalantzagarri batean kokatuta: bada oihartzun espektralen anbiguotasun bat bere ukimen-tasunaren alde ebazten dena; eta haren positibatuak ez du kontrario zehatz gisa funtzionatzen, denbora hedatzeko nahi bati erantzuten dion errealitate bat, ezin argituzkoa, sortzeko saiakera gisa baizik. Urzayk lanean jarraitzen du, han-hemen egindako aireko argazkien bere artxibo zabalarekin, negatiboen konposizioak sortuz. Obra horiek (Reversible (imágenes aéreas), 2023), kontaktu-orriak bailiran, aurretiko lanen aipamen gisa funtzionatzen dute, eta irudi iradokitzaileak eskaintzen dituzte, geografia ez-lurtarrak, gorrixkak eta hareatsuak (geologiak lehentasuna duen paisaia martetarrak edo etorkizuneko ez-lekuak) gogora ekartzen dituztenak.
ARTISTA:
Darío Urzay (Bilbao, 1958) Margolaria,argazkilaria eta artista plastikoa da.
Darío Urzayk erakusketa asko egin ditu berrogei urte luzeko ibilbide honetan, bai bakarkakoak, New York, Paris, Madril, Bartzelona, Oslo edo Helsinkiko galeria ospetsuetan, bai kolektiboak, munduko hainbat museotan: Londresko Institute of Contemporary Arts, Madrilgo Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, Guggenheim Bilbao, Bartzelonako Fundació Miró, Bruselako The Markten kulturgunea, Mexiko Hiriko Museo Rufino Tamayo, Bielefeldeko Kunsthalle eta Berlingo Hamburg Banhoff Museum, besteak beste.
Haren lana hainbat museotako bilduman dago: Guggenheim Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía (Madrid), MACBA (Bartzelona), Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa (Vitoria-Gasteiz), Deutsche Bank Collection (Londres), Museo Würth La Rioja, BBVA Bilduma, Photomuseum (Zarautz), FNAC Fonds national d'art contemporain (París), Colección Iberdrola, The Prudential Collection (New York), Kutxa Fundazioa, Marugame Hirai Museum (Marugame), Colección Martínez Gerricabeitia, Banco de España (Madril), Fundacion Botín (Santander), Patrimonio Nacional de España, Museo Patio Herreriano de Arte Contemporáneo (Valladolid), Fundación I.C.O. (Madril), Holm Collection, edota Fundació Sorigué (Lleida).
Sari ugari jaso ditu: Arte Grafikoaren Sari Nazionala (2005), Beijingeko Bienaleko Excellent Work Award saria (2005) eta Eusko Jaurlaritzaren Gure Artea saria, azken hori bi ediziotan: El pintor y la modelo edo Los ausentes obrarengatik 1983an eta bere arte-ibilbideagatik 2021ean.
© Juantxo Egaña PROGRAMA PUBLIKOA:
Bisita komentatuak
Larunbatetan 17:30ean euskeraz / 18:30ean gastelaniaz Doan | Aurretik izena eman behar da: T 943 251939,
This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.
edo Aretoan bertan
Hitzaldia Azaroak 23a, osteguna | 18:30ean Denbora hedatu bat. Darío Urzayren (ez-)pintura Mikel Onandiarekin Doan | Gastelaniaz
Aldez aurretik izena derrigorrez izan behar da. Webgunearen bitartez.
Solasaldiak Urtarrilak 25a, osteguna | 18.30ean Ispiluan barrena: Txomin Badiola eta Darío Urzayren arteko elkarrizketa Moderatzailea: Mikel Onandia Doan | Gastelaniaz
Beteta KATALOGOA:
Euskaraz, gastelaniaz eta ingelesez Testuak: Mikel Onandia, José Jiménez ISBN:978-84-7173-617-8 Salneurria: 40€
Katalogoa Maite Zabaletak diseinatu du eta kolorez inprimatuta dago Gráficas Michelenan. Mikel Onandia (komisarioa) eta José Jiménezen bi testu original eskaintzen ditu, eta Darío Urzayren obrara hurbiltzeko aukera ematen dute, ez bakarrik erakusketa honetatik, baizik eta orokorrean. Erakusketako hainbat lanen argazkiak erantsi dira.
ERAKUSKETA-GIDA:
Deskargatu hemen eraskusketa-gida.
@kubokutxa
|