bannerGenerico EvaLootz eus 

 


ERAKUSKETA:

 

Habitacion de Manila 1993

 

EVA LOOTZ

 

Korapilatu, zimurtu eta hariari jarraitu

 

2024ko apirilaren 26tik abuztuaren 25era 

Komisarioa: Lola Durán Úcar

 

 

 

 

 

 

 

 

© Habitación de Manila, 1993

VEGAP, Donostia / San Sebastián, 2024        

                                                                               

Lola Durán aritu da erakusketaren komisario lanetan, eta Eva Lootzek 1993tik 2013 bitartera egindako lanak aurkeztuko dira. Bost gune handitan banatuta egongo da Lootzen lanaren multzo erakusgarri hau.

 

Entre manos

 

Entre manos[Esku artean](2011) korapiloen eta hari- edo soka-jolasaren inguruko proiekzioa da. Denbora-pasa klasiko bat da; gure tradizioan haurren jolas moduan gorde da, baina herri primitiboen jarduna ere bada; soka batekin irudi ugari egiten dira, eta soka hori pertsona baten eskuetatik beste baten eskuetara igarotzen da.

 

Lootzek gogorarazten digu herri primitibo deituek soka-jolasak egiten zituztela eta Jacques Lacan psikoanalistak Borromi korapiloa erabili zuela izaki hizlariaren egitura psikikoa adierazteko esperientzia analitikoan: errealaren, irudimenezkoaren eta sinbolikoaren erregistroa. Bideoarekin batera Ani Bustamante psikoanalistaren eta idazlearen testu bat eta Cree indiarren poema hautaketa bat ageri dira. 

 

 Entre manos 2011

 

Mostrar/Nombrar

 

Mostrar/nombrar [Erakutsi/izendatu](2011) beira zeharrargian egindako eskultura da. Artistak etengabe darabilkien hausnarketari egiten dio erreferentzia: erakustea ez da izendatzea.

Erakustea zerbait begien aurrean ipintzea da, hitzen laguntzarik gabe agertzea. Baina erakusteko, zerbait hori kode arautu baten barruan sartzen dugu: hizkuntza. Erakustea versus izendatzea, irudikapenaren eta enuntziatuaren arteko aldea, ikusgaiaren eta hizkuntzaren artekoa, objektuaren eta kontzeptuaren artekoa.

 

 

Korapiloak eta hariak

 

Nudos [Korapiloak] saila (2013) harien eta soken ingurukoa da, afektuen eta hizkuntzaren arteko loturaren metafora, materiaren eta hizkuntzaren arteko loturen arazoa lantzen duena.

 

    

Tú y yo I

 

Tú y yo I [Zu eta ni I] (1997) lanak bi mahaikiderentzako mahai luze bat irudikatzen du, bi aulki eta bi platerekin, bietan hondar kopuru bera dago: alde batean, harea bere horretan dago, bolumena eta forma aldatu gabe; bestean, denborarekin sumatzen da bai platerak bai mahaiak zulo bat dutela eta hortik harea erori eta lurrean sakabanatzen dela. Gela berean, hiru argazki handi daude, eta, horietan, hitz hauek daude argizari bigunaz idatzita: TÚ, Y, YO (Zu, eta, ni).

 

Instalazioak absentzia baten presentzia iradokitzen du, existitzen ez diren bi mahaikiderentzako espazio batean, elkarrizketa mutuan. Polaritateari, aurkakoei, dialektikari buruzko gogoeta bat da funtsean, era guztietako bikoteen pentsamenduaren oinarrizko eredu bat. 

 

Tu y yo I 1997

 

 

Tú y yo II

 

En Tú y yo II [Zu eta ni II] (2000) lanean zapata/bota pare batzuk –feltro argikoak batzuk eta ilunak besteak– aurrez aurre daude, harea fineko lau esparrutan. Pare bakoitzetik ahotsak entzuten dira, gizonezko ahotsa batetik eta emakumezko ahotsa bestetik, elkarrizketa ez-konbentzional batean. Kasu honetan, «zu», «eta», «ni» hitzak presente daude, giza ilez idatziak hormetan.

Lan honek, alde batetik, bikotearen gertaerara hurbiltzen gaitu, eta, beste aldetik, hizkuntzaren erabilera txikiagora, zeinak ez baitu grabitate-puntua izan aditzean, Deleuzek hizkuntzaren atzerriko erabilera ulertzen duen moduan.

 

Erakusketan, gainera, beste bi ikus-entzunezko daude: No es más que un pequeño agujero en mi pecho [Zulo txiki bat baino ez da nire bularrean] (2004) eta Blind Spot (2005). Gorputzaren metafora aipatzen dituzte, puntu itsuen, zulo beltzen, hondorik gabeko leizeen metaforak.

 

No es más que un pequeño agujero en mi pecho

 

No es más que un pequeño agujero en mi pecho [Zulo txiki bat baino ez da nire bularrean] (2004) Eva Lootzen lan guztia zeharkatzen duen pentsamendu batera itzultzen gara: presentzia/ausentzia dualtasuna, eusteko, ixteko, ezintasuna.

Izenburua Henri Michaux-ren poema batetik aterata dago. Haren bertsoek dena irensten duen zulo beltz bati buruz hitz egiten dute, eta baita isiltasunari buruz, heriotza iradokitzen duen hustasunaren erdian dagoen bizitzari buruz ere. Egile horrek berak eramaten du Eva Lootz amairik gabeko ur-jauzi baten irudia hartzera, non, modu abstraktuan, artistak uzten baitu harearen, kausen eta efektuen, labaintze etengabea etorkizun ulertezinean.

 

Blind Spot

 

Blind Spot (2005) bideoak irudi biribil bat, iluna, proiektatzen du, puntu itsua iradokitzen duena, hau da, begiak ikusten ez duen ikus eremuaren zati txiki hori. Angelu itsuak, ikusi ezin duguna –bai zentzu literalean, ezintasun fisikoagatik, bai irudizko zentzuan–, hautematen ez duguna, gure begirada diskurtso nagusiak baldintzatuta dagoelako. Emakumeak, esaterako, historiaren angelu itsuan egon dira gutxi gorabehera 3.000 urtez.

 

Habitación de Manila

 

Goiko solairuan, soka marrazki sail baten alboan, Habitación de Manila [Manilaren gela] lanean (1993) barneratuko gara. Manilako paperaz egindako piezak dira; Lootzek «pieza arinak» esaten die, eta Lanzaroten egindako egonaldi batean osatu zituen, non artistak hainbat grabatu egin baitzituen.

 

Ezerekin zerbait egitearen hurbilenekoa dela esan liteke. Biltzeko erabili ohi den papera, aldi berean arina eta gogorra, zimurtu eta pieza txikiak egin ditu artistak. Hainbat hazi ekartzen ditu gogora, lokarriak korapiloekin, heldulekuak, zapatak, etab... erakusketa honetan erakutsiko dira lehen aldiz.

 

 

Azkenik, Eva Lootzen esanetan, ikusgai dagoena da haren lan-eremua, eta, artista bisual gisa, tradizioaren angelu itsuan eroritakoa erakustea eta ezagutaraztea da beraren zeregina: hau da, proiektu askatzaile, emantzipatzaile eta bizitza-eraldatzaile gisa sortutako obra bat erakustea besteei. Noiz, eta ikusgai denak errealitatera iristeko ezinbesteko bide izateari utzi dion eta irudiak kontsumo-gizartearen zerbitzura dauden une batean.

 


ARTISTA:


 

Eva Lootz (Vienan, 1940) 

 

Eva Lootz (Viena, 1940) 1970-1980ko hamarkadetan eskulturaren eszena berritu zuten artisten belaunaldiko artista plastikoa da; artista horiek artearen kontzeptua zabaltzea eta lan-prozesuei lehentasuna ematea aldarrikatzen zuten. Hala, Lootzen sorkuntza-lana artearen joera esperimentalen barruan kokatzen da, eta oso lotura estua du postminimalismoarekin.

 

Filosofiako eta Arte Plastikoetako ikasketak egin zituen hirian bertan, eta Zinema eta Telebista Zuzendaritzan lizentziatu zen. Planteamendu anti-adierazkorretatik eta prozesualetatik abiatuta, zeinak bideratzen baitziren artearen kontzeptua zabaltzera, espazio intersentsorialen eta inguratzaileen sorkuntzarantz bilakatu zen, edo, egilearen hitzetan, «arte jarraitu» baterantz. Haren lanean nabarmena da materiaren eta hizkuntzaren arteko elkarrekintzarekiko interesa, eta erregistro heterogeneoen erabilera izan du ezaugarri nagusia hasieratik beretik.

 

Eva Lootzek Arte Plastikoen Sari Nazionala lortu zuen 1994an, Real Casa de la Moneda Fundazioaren Tomás Francisco Prieto saria 2009an, MAV saria (Emakumeak arte bisualetan) 2010ean, Arte y Mecenazgo Fundazioaren saria 2013an, RABASFen Fornako Baroia saria 2013an eta Madrilgo Erkidegoaren Arte Plastikoen saria 2022an.

 

Azken erakusketen artean aipatzekoak dira La canción de la tierra (Tabacalera, Madril 2016), Cut Through the Fog (C.G.A.C. Konpostelako Santiago, 2016-2017), Binomio, Arte y Ciencia (CNIO, Madril 2017) eta El reverso de los monumentos y la agonía de las lenguas (Patio Herreriano Museoa eta Valladolideko Eskultura Museo Nazionala, 2020).

 

Hainbat esku-hartze iraunkor egin ditu espazio publikoetan, hala nola NO-MA-DE-JA–DO Cartuja Uhartean Expo’92an, La mano de Lineo Bohuslän-en (Suedia, 1996) eta Endless Flow (Silkeborg, Danimarka 2002). Zaragozako 2008 Erakusketa Unibertsalean La oreja parlante eraiki zuen, Ebro ibaiaren eskuineko ertzean. Orain dela gutxi, La cama de Penélope inauguratu du, Coster d’Art i Natura-ko esku-hartze iraunkorra (Pollença, Mallorca 2022).

 


MEDIAZIOA:

 

 

Bisita gidatuak

 

Larunbatetan, 17:30ean euskaraz eta 18:30ean gaztelaniaz

Sarrera doan, izena eman behar da derrigorre aurretik posta elektroniko honetan:

This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.   edo web orrialdearen bidez

 

 

Dantza eta gorputz tailerra

 

Ekainak 15, larunbata, 11:30-13:30.

Korapiloak. Topaketarako mugimenduak, Mafalda Saloiorekin.

Haurrentzako jarduera (6-12 urte), belaunaldi berekoak ez diren senide 1 edo 2 lagun dituztela, familia modu zabal eta malguan hartuta.

 

Mugimenduak, soinuak, ideiak eta emozioak nahastu, lotu eta askatzeko tailerra. Komunikazioaren hari ikusezinak aurkituko ditugu.

3 € parte-hartzaileko. web orrialdearen bidez

 

 

 

 


PROGRAMA PUBLIKOA:


 

Eva Lootz-en Tú y yo II pieza programa publikoaren abiapuntu eta haria izango da.

 

Idazketa-tailer kolektiboa

2024ko ekainak 1 eta 8, larunbata | 10:00-14:00 / 15:00-19:00.

 

Tú y yo II [Zu eta ni II]Idazketa-tailer kolektiboa Oier Guillan idazle eta dramaturgoarekin, Kubo Kutxa aretoan ikusgai dagoen Eva Lootzen erakusketaren esparruan.


Idazketa tailer honetan, parte hartzaileek Tú y yo II piezarekin dialogatuko dute sormenaren bitartez, idatzizko material berri bat sortuz. Horretarako, literaturatik eta performancearen mundutik eratorritako idazketa dinamikak eta jolasak proposatuko zaizkie, bakarkako eta taldeko lana tartekatuz.

Helburua honakoa izango da: norberak duen idazketa ahotsa errespetatuz, material testual berri bat sortzea, jatorrizko piezarekin dialogatzen duena eta harekin elkar-osatzen dena.

Tailerrean sortutako material hori bera Javier Barandiaran eta Maite Muguerza aktoreen lan fisikoaren oinarria izango da, Instalazioaren aktibazioetan, uztailaren 11ean eta 25ean (18:30) Kubo aretoan.

 

Lekua: Kubo aretoa

Hizkuntza: elebitan (euskara-gaztelania)

Izenemateak:
Eskatzen den dokumentazioa: motibazio-gutuna eta idazketarekin duzun harremanari buruzko idatzia (gehinez orrialde bat)
Dokumentazioa helbide honetara bidali: 
This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.  edo  This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.
Izena emateko epea: maiatzaren 26 arte
Prezioa: 30 €
Plaza mugatuak

 

 

Instalazioaren aktibazioak

 

2024ko uztailak 11 eta 25, ostegunak. 18:30.

Tú y yo II, Javier Barandiaran eta Maite Mugerza antzezleekin batera.

Idazketa kolektiboko tailerrean sortutako testutik abiatuta.

Zuzendaritza: Oier Guillan.

Sarrera doan. Leku-kopuru mugatua

 

Tailerrako parte hartzaileek idatzitako materialetan oinarrituta Javier Barandiaran eta Maite Mugerza aktoreek gorpuztutako pieza eszenikoa sortuko da. Pieza berri hau Tú y yo II instalatua dagoen espazio berean eszenaratuko da, harekin artistikoki dialogatuz eta esperientzia honen pizgailua izan den obrarekin zirkulua itxiz.

 

Deskargatu hemen programa publikoa

 


ERAKUSKETAREN GIDA: 

 

Deskargatu hemen erakuketaren gida.

eusk

 


 


    

@kubokutxa