POPPOPPOP

  ERAKUSKETA
 

ARTISTAK

  PUBLIKO OROKORRA
  HEZKUNTZA JARDUERAK  

 

POPCABECERA  

 

POP POP POP

 

American Pop Art

 

2018ko ekainaren 15etik irailaren 30era

 


Komisarioa: Dolores Durán

 

 

Erakusketak arte-korronte horretako funtsezko 100 bat lan biltzen ditu, estiloaren 5 ordezkari nagusienak: Andy Warhol, Keith Haring, Robert Indiana, Roy Lichtenstein eta Robert Rauschenberg.

 

 

 

American Pop Art: mugimendua

 

Pop artearen ezaugarria da komunikabideen eta publizitatearen mundutik hartutako irudiak eta gaiak erabiltzen dituela. Mugimendua 1950eko hamarkadaren erdialdean jaio zen, Ingalaterran, espresionismo abstraktuari aurre egiteko arte-korronte berri gisa, hura estilo hutsa eta elitista zela baitzeritzoten. Mugimendu berria Estatu Batuetara hedatu zen berehala, eta bertan izan zuen proiekzio handiena.

 

 

 

Lawrence Alloway britainiar kritikariak erabili zuen lehen aldiz terminoa 1962an, zenbait gazte irudi herrikoiak erabiliz sortzen ari ziren artea definitzeko. Era berean, Time, Life, News Week eta beste aldizkari garrantzitsu batzuek hainbat saiakera idatzi zituzten arte-estilo berriari buruz, baina, hala ere, publiko handiaren eta hedapen handiko aldizkarien aitorpena lehenago iritsi zitzaion kritikari espezializatuena edo arte garaikideko museoena baino.

 

 

 

Pop arteak dadaismoan zuen jatorria, eta hirurogeiko hamarkadako giro kulturalaren oinarrizko ezaugarriak erakusten zituen, baita Hollywoodeko izarrak idolatratzen zituen gizarte kontsumistaren sentipenekin lotutako ezaugarriak ere; horrez gainera, pixkanaka globalizatzen zihoan munduaren lekuko ezinbesteko bilakatu zituen komunikabideak. Firma komertzialak –Kellog's, Heinz edo Campbell, besteak beste– supermerkatuetako apalategietatik atera, eta arte-galerien hormetara iritsi ziren, aro berri bateko kodeak sortzeko. American way of live delakoak, komunikabide masiboek bultzatutako modernotasunak eta kapitalismo joriaren munduan gainezka egiten zuen kontsumoak kultura eta haustura kontzeptu berriak ehuntzen zituzten.

 

 

 

Pop arteak beretzat hartu zituen komunikabideen berezko teknika plastikoak, hala nola komikia, argazkia eta argazkitik eratorritako prozedurak –handitzeak eta alboratzeak, collagea, fotomuntaketak– eta publizitate-kartela, hainbat teknika bisual darabiltzana –metaketa, aurkaritza, ezabapena–. Margo akrilikoa erabiltzea (karteleko kolore lauetatik eratorria), bidimentsionaltasuna lantzea, marrazki gardenaren baliabidea aplikatzea eta formatu handia erabiltzea Amerikako Pop artearen beste zenbait ezaugarri dira.

 

 

 

Serigrafia izan zen Pop artisten artean gehien erabili zuten tekniketako bat, sormen askatasun handia ematen zuelako, lanak bizkorrago egitea ahalbidetzen zuelako eta artistari lan ugari egiteko aukera ematen ziolako; aukera hori bat zetorren errepikapenezko lanaren kontzeptuarekin.

 

 

 

POP POP POP American Pop Art erakusketak Amerikako Pop Arteko artista nagusien ia 100 lan biltzen ditu, eta agerian uzten du eguneroko bizitzako edozein objektu bihur daitekeela arte.