Miquel Navarro Mislatan jaio zen, Valentzian, eta bertan bizi da eta lan egiten du gaur egun. Haurtzaroko esperientziek eta jolasek, baita jaio eta hazi zeneko inguruneak –natura, baratzea eta arkitektura tradizionala alde batetik, eta industria-mundua, bere fabrikak, bideak edo trenak, zein Valentzia hiri handiaren aurkikuntza, bestetik– bere ondorengo bizitza eta sortze-jarduera baldintzatu dute.
Valentziako San Carlos Arte Ederren Eskolan ikasi ostean, marrazketari eta pinturari eskaini zion bere lehenengo etapa. 1970eko hamarkada hasieran eskulturari ekin zion, eta orduan eraiki zituen lehenengo hiriak, buztinarekin, jatorrietara eramaten gaituen material teluriko eta magiko horrekin. Geroago metalak erabiltzen hasi zen –zinka, burdina eta aluminioa, batik bat–, modernotasunaren eta gizarte industrialaren erreferentzia argi gisa.
Miquel Navarroren hiriak pieza kopuru handi samar batez osatuta daude, lurraldean zehar hedatu eta haren jabe egiten diren ehunka unitatez; hala, piezaz pieza, auzoz auzo, guztia hartzen dute: etxeak, eraikinak, plazak, dorreak, fabrikak, errepideak, aireportuak, ibilgailuak, intsektuak, harresiak... bolumen oinarrizkoak edo eraldatuak, taldekatuta, interakzioan eta elkar konektatuta, obra unitario bat osatzeko. Hiri horietako hiru ikusiko ditugu erakusketa honetan: La Ciutat (Hiria, 1984-1985), Ciudad roja (Hiri gorria, 1994-1995) eta Entre muros (Harresi artean, 2000).
Modu horizontalean zabaltzen diren eskulturak dira, baina haietan elementu bertikala gailentzen da; etxe-orratz taldeak multzoaren erdialdean, obeliskoak, piramideak… botere sinbolo gisa nabarmentzen direnak, baina, bestetik, gizakiaren bakardadeari ere erreferentzia egiten diotenak eta, azken batean, existentziari buruz gogoeta egitera eramaten gaituztenak.
Totem moduan, nabarmentzekoa da erakusketan Placón, 3,5 metroko garaierako eskultura bat, aluminio trinkoz eginikoa, boteretsua, irmoa, mehatxatzailea eta, aldi berean, babeslea, eskultorearen obrak hain berezko duen dualtasunari jarraiki.
Miquel Navarrok gogoetarako euskarri gisa erabiltzen dituen lan- edo bidaia-koadernoek eta akademia eta arkeologia gogorarazten diguten buztinaz eginiko eskultura txiki sorta batek osatzen dute ikuspegi hori eta, aldi berean, eskultorearen lantegia aurkezten digute, egiazko sormen- eta esperimentazio-laborategi bat. Miquel Navarro bere pentsamenduarekin, sentimenduarekin eta eskuekin fantasiaren eta errealitatearen artean kokatzen diren paisaiak sortzen dituen poeta da.
|