bannerGenerico DarioUrzayEUS 

FACEBOOK 2048 831 a 72

 

Banerkubo bueno

  ERAKUSKETA   RAFAEL RUIZ BALERDI OBRAK   PUBLIKO OROKORRA   HEZKUNTZA JARDUERAK   EDIZIOA  

 

balerdipasada  

 

BALERDI (1934-1992)

 

 

 

2017ko ekainaren 9tik irailaren 24ra

 


Komisarioa: Javier Viar Olloqui

 

 

Joan zen mendeko berrogeita hamarreko urteen bigarren erdian ezagutzera eman zen euskal margolaritzaren panoraman, gerraosteko abangoardian izen nagusietako bat da Rafael Ruiz Balerdi (Donostia, 1934 - Alacant, 1992). Marrazkilari handia eta berebiziko kolorista, haren lanak hainbat aukera estetiko egin zituen azkenean keinuaren informalismoan amaitu arte. Baina haren lanaren gune edo muin pertsonalena izan zen ikerketa formal oso ahaltsu baten abiapuntua baizik ez zen izan hori.

 

 

Bere nerabezaroan paisaia eta erretratuekin hastapen figuratiboak izan ondoren, 1955ean Eduardo Chillidarekiko adiskidetasunak nazioarteko abangoardiaren hizkuntzak ezagutzen lagundu zion, eta Kubismoaren eta Espazialismoaren eragina izan zuen lanari ekin zion. Hamarkada haren azken urteetan Goyaren pintura beltzen eta Europako Abstrakzio Lirikoaren eraginak arnas poetiko handiko eta oso egikera fin eta sentsualeko obra margotzera eraman zuen. 1960an behin-betiko haustura sortu zen haren lanean, eta erabateko informalismoak bere prozesurik orijinalenaren bidea ireki zion.

 

 

Prozesu hori keinuzko trazuen gainean eraikitako forma baten bilaketa izan zen, ondoz ondoko esku-hartze batzuetan akigarriekin, lan batzuetan ia muturreko xehaketaraino iritsi zirelarik. Horrela, esperientzia honek iraun zuen hamar urteetan, paralelotzat har daitezkeen baina benetan ondoz ondokoak diren bi bide bereizten dira: keinu eta orbanezko Informalismoaren jarraitutasunarena eta forma kristalizatuak egitearena, bigarren kasu honetan lan bat berean hasierako esku-hartze espontaneoari gainjartzen zaiona. Urte hauetan bestelako albo-esperimentuak ere izan ziren. Gero Balerdik bertan behera utzi zuen olio-pintura eta, aldi batez, ia bere arte-jarduera ere bai; herritarren errebindikaziozko esku-hartzeetan jardun zuen, eta, berehala, zortzi urte baino gehiagoko denboraldian pastel-klarionez margotu zuen paketatzeko paperaren gainean, eta horrela aberastasun formal eta kromatiko handiko ziklo bat sortu zuen, non kontraste egiten duen emaitzaren luxu adierazkorrak, iradokizunen askotarikotasunagatik deskribatzeko zaila denak, materialen kaskartasunarekin. Azkenean, 1985ean olio-pinturara itzuli zen eta horrek mugarik gabeko artearen bidea zabaldu zion, non bat egin zuten aurreko esperientzia guztiek, jasotako eragin guztiek eta gogoraturiko irudi guztiek, haien hurbiltasun, jakinduria eta askatasunak etapa zirraragarri eta irudikorra osatu zutelarik Balerdi hil arte.

 

 

Balerdiren aparteko margolaritzak bere garaikide askorengan eragin zuen eta irudiak sortzeko gaitasunean oinarrituta egon zen, bere begirada arriskatu eta sakonean, eta bere aniztasunean; izan ere, lagun izan zituen egikaritzeko gaitasun eta kolorearen sen harrigarriak, zeinahi zela ere erabilitako teknika. Baina beste informalista askori bezala, Zen artearen pentsamenduak eta egikerak eragin bazioten ere, pentsamendu hinduaren zenbait alderditan aurkitu zuen bere margolaritzarako oinarri teorikoa. Hori Aurobindo filosofoak predikatzen zuen ekintza-yogaren ideiaren inguruan izan zen ─Bhagavad Gita antzinako testutik zetorren ideia zen, kontenplaziozkoa eta ahistorikoa zen yogaren aurka zegoena─, eta Balerdik margolaritzan bertan gauzatzen zuela uste izan zuen.