HERGUERA BANNERS1  

FACEBOOK 2048 831 a 72

 

Banerkubo bueno

  ERAKUSKETA   RAFAEL RUIZ BALERDI OBRAK   PUBLIKO OROKORRA   HEZKUNTZA JARDUERAK   EDIZIOA  

 

Schommer. Retrato de Balerdi

Argazkia: Alberto Schommer

 

1934. Rafael Ruiz Balerdi Donostian jaio zen maiatzaren 5ean, Easo plazako 5. zenbakian; Rafael Ruiz Maurette eta Victoria Balerdi Tolosa senar-emazteen bigarren semea zen.


1936. Aita errepublikar armadan zegoelarik eta Francoren gudarosteak berehala sartuko zirenez, ama, hirugarren semeaz haurdun, Donostiatik irten zen bi semeekin, eta lehenik Mutrikun babestu zen eta gero bere jaiotetxean Ordizian.


1937. Donostiara itzuli eta lehen ikasketak Amarako Víctor Pradera eskoletan hasi zituen Rafaelek.


1948-1949. Bi uda hauetan Continental hotelean lan egin zuen mandatu-mutil gisa.


1950-1955. Bi denboralditan (1950-1952 eta 1953-1955) Nerecán inprimategian lan egin zuen offset probak zuzentzen, eta lan hori egiteaz gain Arte eta Lanbide Eskolara joaten zen.


1953. Garai hartan Donostian arte-munduan ezagunenetakoa zen Miguel Angel Álvarez margolariaren adiskide bihurtu zen, eta haren estudiora joaten hasi zen.


1954. Chillidak, Donostiako Gabonetako V. Lehiaketako epaimahaikidea izanik, berak bakarrik botoak eman zizkion Balerdik aurkezturiko margolanari.


1955. Álvarezen bidez Chillida ezagutu zuen, eta honen heriotzara arte iraungo zuen adiskidetasuna izan zuten, Balerdiren berehalako bilakaerarako funtsezkoa izan zen harremana. Beka batek Madrilera joateko eta San Fernandoko Arte Ederren Eskolan eta gero Arte Ederren Zirkuluan ikasteko aukera eman zion. Aulkien egituraren inguruko lana hasi zuen, haren helduaroaren hasieratzat jo daitekeena.


1956. Nestor Basterretxearekin batera Tarragonako Complex Educatiu-n horma-irudi edo muralak egin zituen, euskal arte espazialistaren garapenerako garrantzitsuak, nahiz eta Balerdiren bilakaeran episodio bakartu gisa geratu diren. Chillidaren bidez Juan Huarte ezagutu zuen; honek obra erosi zion, eta gerora mezenas gisa babes handia eman zion artistari. Lehen aldiz Parisera joan zen. Haren pintura abstrakzio lirikoan sartu zen.


1958. Veneziako XXIX. Bienalean Margolari Gazteen atalean parte hartu zuen, eta Carnegie Instituteren Pittsburgh International Exhibitionen ere bai. Beste egonaldi bat Parisen.


1960. Berriro Parisen, keinuzko informalismoan sartu zen haren pintura.


1961. Lehenengo bakarkako erakusketa egin zuen Madrilgo Darro galerian.


1962. Madrilera joan zen bizitzera. Han bakarkako bigarren erakusketa egin zuen Nebli aretoan urmargo edo akuarela informalistekin.


1965-1966 aldera bere Homenaje a Tarzán I: La cazadora inconsciente filma egin zuen.


1966. Gaur taldea sortzen parte hartu zuen. Sri Aurobindo filosofo hinduaren pentsamenduarekiko interesagatik, Pondicherry-ra (India) joan zen haren eskola ezagutzera 1969an.


1972. Egungo Euskal Artearen Erakusketan parte hartu zuen Iruñeko Topaketetan.


1973. Donostiara itzuli zen. Durangoko Udalaren Kultura-aretoetan erakusketa egin zuen. Bere aktibismo didaktiko eta hiritarrari ekin zion.


1974. Atzera begirako lau erakusketa garrantzitsu egin zituenDonostia, Iruñea, Bilbo eta Madrilen. Madrilgo Kreisler Dos galerian egin zuen erakusketa. Ama hil zitzaion. Eginkizun publikoak margolaritzatik urrundu zuen aldi baterako.

 

1977. Beira-ateetarako zirriborroak egin zituen pastelaz enbalatzeko paperaren gainean, handik aurrerako lanaren jatorri bihurtu ziren, teknika horrekin egin baitzuen.


1977-1978. Txinara joan zen.


1978. Txinatik itzultzean, “paisaia txinatar” errealista egin zuen eta ondoren paper gaineko pastel-klarion abstraktuak.


1979. Aita hil zitzaion. Düsseldorfera joan zen eta han Joseph Beuys eta Ekialdeko Europa ezagutu zituen.


1980-1982. Klarion-erakusketa pertsonalak egin zituen Zarautz, Bilbo, Durango, Stuttgart, Donostia, Biberach, Bartzelona eta Madrilen.

1981ean Jacqueline Sánchezen etxera joan zen bizitzera, harekin topo egina zelarik 1976an Donostiako Auzo Elkarteen bileretan.


1981-1985. Bidaiak egin zituen Italia (1981), Mexiko (1982), Kanariak (1983), Menorca (1985), Brusela, Londres eta Hagara (1985). Sarri egoten zen Frankfurten, hiri hartan bizi baitzen Hilde Koch, Jacquelineren alaba. Han egin zuen John Cageren erretratua.


1985. Berriro erabili zuen olioa.


1986-1992. 1986-1987tik aurrera, eta orduan Mojácar-en (Almeria) egon zen, neguak Donostiatik kanpo eman zituen: 1987-1988koa Kanaria Handiko uhartean, 1988-1989koa Kreta eta Turkian, eta azkenik Altean (Alacanten) egon zen 1990eko lehen hilabeteetan eta 1990-1991 eta 1991-1992ko neguetan.


1992. Ezbehar bat izan zuen Alteako etxean, eta haren ondorioz hil zen Alacanten martxoaren 11n.