PABLO GARGALLO
KOMISARIOTZA: Dolóres Durán Úcar
DATA: 2007ko uztailaren 5etik irailaren 30era
Urriaren 14ra arte luzatua!
Pablo Gargallo (1881-1934) Zaragozako Maellan jaio zen, baina arte-prestakuntza Bartzelonan hartu zuen. Konde Hirian ezagutu zuen Gargallok Picasso, eta han hasitako adiskidetasuna gero Parisen egindako egonaldietan sakondu ahal izan zuten.
Bartzelona, Paris eta bi hirietan sortu eta garaturiko abangoardiak dira Gargallo eskultore paregabearen inspirazio-iturriak; baina heriotza goiztiarrak, 53 urterekin hil baitzen, eragotzi egin zion ikertzen jarraitzea eta joan zen mendeko eskulturari bide berriak irekitzea.
Hala ere, Gargallo ongi merezita igaro da artearen historiara, Espainiako eta nazioarteko abangoardiako artistarik esanguratsuenetako bat izaki. Eskultura-hizkuntza berri baten sortzailea da Gargallo, hutsartea sartu zuelarik bolumen gisa. Material tradizionalak eta ez tradizionalak -marmola, brontzea, burdina edo beruna- ohikoak dira eskultore honen lanetan. Ez da ahaztu behar Gargallo izan zela, bere eskulturei forma emateko, kobrezko edo burdinazko xafla erabili zuen lehenengo eskultorea. Modernismoaren eta kubismoaren eraginpean, gai izan zen hutsartearekin jokoak sortu eta bolumenen izaera nabarmentzeko, itxura figuratiboari uko egin gabe bere lanak izaera abstraktuz hornitzeko.
Abstrakzioa eta figurazioa, modernismotik zetozen forma finak eta kubismoari zegozkion forma sendoagoak, gogortasun handiko materialak azkenean arintasun handiko konposizioak egiteko: badirudi kontraesankorrak direla planteamendu horiek, baina Pablo Gargallok era miresgarrian asmatu zuen horiek batzen. Zalantzarik gabe, kubo-kutxa Aretoak eskaintzen dion erakusketa aukera paregabea izango da, bere lanetako 80ren bidez, eskultore honen ibilbidea eta bilakaera ezagutu eta ulertzeko; obra berdingabe eta pertsonalean bere garaiko korronte asko sintetizatu ahal izan zituen koherentziaz. Argi eta garbi, arte moderno eta garaikoaren protagonista garrantzitsu eta erabakigarrienetako baten isla dira Gargalloren lanak
|