“Eta Ricardo Martinek 2016ko Donostiaren argazkiak aterako balitu?”

LEHIAKETAREN OINARRIAK

1.- Lehiaketaren xedea
Lehiaketa honetarako, parte-hartzaileek Ricardo Martínek argazkilari izan zen denbora-tartean (1914-1936) eginiko Donostiaren eta bertako jendeen argazkiak hartu ahalko dituzte erreferentzia gisa. Martínen lana, bestalde, ikusgai izango da azaroaren 4tik urtarrilaren 22ra arte Kubo-kutxa aretoan (Zurriola hiribidea, 1) antolaturiko “Ricardo Martín. Argazkilaria eta ikuslea” erakusketan.

Martínek milaka argazki egin zituen jardunean egon zen bi hamarkadetan. Kutxaren Fototekako gordailuek egilearen 80.000 argazki dituzte, gutxi gorabehera, etengabeko mutazioan zen mundu baten lekuko. Lee Fontanellak erakusketari laguntzeko eginiko katalogoan dioen bezalaxe, “Donostia, nolabait esateko, bere cine cittá zen, eta eszenografia modura erabiltzen zuen mundu bat fabrikatu eta lantzeko, azken batean artistikoki berea izango zen mundua”.

Argazki horietako askotan, azkar baino azkarrago modan jarri zen hiri bat atzeman zuen zuri-beltzean; Belle Époque garaiko hiria, hain zuzen ere. Argazkilariaren irudiek bisitari ospetsuak, ikusle kuriosoak, soineko ikusgarriko emakumeak eta beste hainbat pertsona erretratatu zituzten. Ricardo Martín eta bere lankideak egunero joaten ziren hondartzara eta erreferentziazko lekuetara. Askatasun hiribidea, Kontxako pasealekua eta, batez ere, Londres hotelaren izkina haren agertoki bilakatu ziren. Argazkiei modernotasun, berehalakotasun eta aniztasun ukituak eman zizkien.

Lerro honetan, lehiaketan parte hartuko dutenek hiria, bere txokoak eta biztanleak zuri-beltzean erretrata ditzaten nahi dugu. Azken batean, jendearekin nahasten zen eta Donostiako argazkilaritza dokumentalaren erreferente bilakatu zen Ricardo Martín argazkilari eta ikuslearen azalean jar daitezela. Argazki bakoitzaren ondoan, izenburu edo kontakizun labur bat erantsi beharko da, irudia testuinguruan kokatzeko.

2.- Baldintzak

Lehiaketan parte hartu ahalko dute hala nahi duten pertsona fisiko guztiek. Parte-hartzaile bakoitzak nahi adina argazki aurkeztu ahalko ditu, betiere proposaturiko gaia errespetatuta. Parte-hartzailearen Instagrameko kontuak publikoa izan beharko du, bestela, bere kontaktuek bakarrik ikusi ahalko dituzte bere argazkiak. Antolatzaileek argazki guztiak aztertu eta baliozkotuko dituzte, eta eskubidea izango dute beren irizpideen arabera lehiaketaren baldintza teknikoak, artistikoak eta/edo legezkoak betetzen ez dituzten lanak ez onartzeko. Parte hartu nahi duten 18 urtetik beherakoek amari/aitari edo legezko tutoreari eskatu beharko diote lehiaketan izena eman eta parte hartzeko baimena.

3.- Izen-ematea eta parte-hartzea

Parte-hartze sistema Instagram bidezkoa izango da soil-soilik. Horretarako, argazkia #RicardoMartín2016 traolarekin bidali beharko da, baita Kubo-kutxaren Instagram (@kubokutxa) kontu ofiziala jarraitu, aipatu eta etiketatu ere. Bestalde, Instagramen jarritako irudiaren deskribapenean gehienez 140 karaktere izango dituen testu edo kontakizun labur bat erantsi beharko da. Antolatzaileek erreserbatuta dute beren ustez oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten edo edukiagatik oinarrizko eskubideak urratzen dituzten irudiak baztertzeko eskubidea.

4.- Deialdian parte hartzeko epea

Lehiaketan parte hartzeko epea: 2016ko azaroaren 22tik abenduaren 16ra arte. Epaimahaiak abenduaren 20an jakinaraziko du bere epaia.

5.- Lehiaketako argazkien gaineko eskubideak

Parte-hartzaileak adierazten eta bermatzen du lehiaketara aurkezturiko argazki(ar)en egile bakarra dela, baita argazki horren/horien gaineko egile-eskubide guztien titular bakarra ere. Era berean, parte-hartzailearen erantzukizuna izango da argazki bakoitzean ager daitezkeen pertsonei beren irudiarekin lehiaketan parte hartzeko baimena eskatzea, non eta argazkia ez den leku publiko batean eta legez ezarritako moduan egin, bere gain hartuta irudirako eskubidearekin loturiko ezein erreklamazioren gaineko erantzukizun guztia. Parte-hartzailea izango da legezko arduradun bakarra aurretik existitzen ziren irudiak erabiltzeagatik egile-eskubideekin lotutako lege urraketen ondorioz sor daitekeen edozer gatazkari dagokionez.

Antolatzaileek lehiaketa promozionatzeko eta hari buruzko informazioa hedatzeko beharrezkotzat jotako ekintza oro gauzatu ahal izateko, parte-hartzaile guztiek Kubo-kutxari lagako dizkiote, doan eta modu esklusiboan, lehiaketara aurkezturiko irudiak eta testuak erreproduzitzeko eta publikoki zabaltzeko eskubide guztiak. Eskubide horien lagapenak lehiaketaren esparruari eta balizko ondorengo erakusketari bakarrik eragingo dio. Baimena emango dio, halaber, lehiaketa deitu duen erakundeari lanak teknikoki eraldatzeko, Interneteko formatura, irudira edo itxurara egokitzeko beharrezkoa den heinean, baita egokitzat jotako euskarri fisikoetan erreproduzitzeko ere.

6.- Epaimahaia

Epaimahaia argazkilaritzako bi adituk eta Kubo-kutxaren ordezkari batek osatuko dute, eta beraiek arduratuko dira epaimahaiaren hiru sariak emateaz. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da, baita sariak hutsik geratzen diren kasuetan ere.

7.- Sariak

Hiru sari irabazle emango dira, artelanaren erosketa kontzeptupean; saria, Lomography Instant San Sebastián kamera bat izango da. Epaimahaiaren erabakia 2016ko abenduaren 20an, asteartean, jakinaraziko da jendaurrean. Hiru irabazleek Kubo-kutxaren sare sozialen bitartez jasoko dute albistea, eta baimena ematen dute beraien izena aretoaren informazio- eta promozio-materialetan –argitaraturikoak zein digitalak– ateratzeko. Sarituriko argazkiak eta dagozkien testuak Kubo-kutxaren jabetza eta erabilera esklusibopean geratuko dira, eta erakundearen argazki funtsen zati bilakatuko dira. Egileek erakundeari lagako dizkiote argazki irabazleen erakusketa- eta erreprodukzio-eskubide guztiak. Argazki irabazleen egileek Kubo-kutxaren esanbidezko baimena eskatu beharko dute argazkiak edozer xederako erabiltzeko, edo beste lehiaketa batean aurkezteko.

8.- Datu Pertsonalak babestea

15/99 Lege Organikoari jarraiki, jakinarazten dizugu "Eta Ricardo Martínek 2016ko Donostiaren argazkiak aterako balitu?” lehiaketaren bidez jasotako datu guztiak parte-hartzea behar bezala kudeatzeko eta oinarri hauetan jasotakoa betetzeko bakarrik erabiliko direla. Sartzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatzerakoan indarreko araudiak ezarritakoa beteko da.

9.- Oinarriak onartzea

Parte-hartzaileek, lehiaketan parte hartzeagatik soilik, haren oinarri guzti-guztiak onartzen dituzte.