ERAKUSKETA | AUTOREAK |
|
|
EDIZIOA |
ABSTRAKZIOAK-FIGURAZIOAK 1940-1975 Mendearen mendeko artea
REINA SOFÍA ARTE ZENTROAREN MUSEO NAZIONALEKO BILDUMAK
KOMISARIOTZA: Mª José Salazar
DATA: 2005eko azaroaren 15etik 2006ko urtarrilaren 17ra
"Abstrakzioak-Figurazioak 1940-1975" erakusketa kutxako Kubo Aretoan jadanik ikusgai izan ditugun "Mende Aldaketa. 1881-1925" eta "Abangoardiak. 1925-1939" erakusketen jarraipena da. Bi erakusketa horiek harrera oso positiboa eta arrakasta handia izan zuten, bai publikoaren aldetik eta baita kritika espezializatuaren aldetik ere.
Oraingo honetan aurkezten dugun erakusketa, lehen aipatutakoak bezala, Reina Sofia Arte Zentroa Museo Nazionalaren eta Aurrezki Kutxen Espainiako Konfederazioaren arteko lankidetza eraginkor eta aberasgarriaren ondorio da. Izan ere, bi erakunde horiek akordio batera iritsi dira, zenbait urtetan zehar arte modernoko Espainiako museo nagusiko funts artistikoak Estatuko hainbat hiritako Aurrezki Kutxen erakusketa-aretoetan ikusgai izan ditzagun.
"Abstrakzioak-Figurazioak 1940-1975" erakusketak ia ehun obra biltzen ditu. Obra horien egileak aurreko mendearen erdialdean Gerra Zibilaren amaieratik Franco jeneralaren heriotzaraino eman zen panorama artistiko konplexu, heterogeneo eta kontraesankorraren erantzule diren artista garrantzitsuenak dira. Kontuan izan behar da, Espainian, gatazka aldiaren ondorioek, hala nola diasporak, erbestealdiek, paralisi ekonomikoak eta askatasun-gabetzeek, errotik aldatu zutela artearen bilakaera. Bestalde, nazioartean, Bigarren Mundu Gerraren amaierak ere ondorio dramatikoak ekarri zizkion uneko arteari; abangoardia historikoen amaiera etorri zen, eta Frantziako mugimendu surrealista Estatu Batuetara lekualdatu zen, uneko hiriburu artistikoa Parisetik New Yorkera mugituz.
Goraldi artistiko horren fruituetako batzuk, aurreko mendearen erdialdeko hamarraldi horietan zehar artearen munduan eman ziren inplosio horietatik guztietatik sortutakoak, dira orain liburu honetako erreprodukzioetan ikus ditzakegunak. Bestalde, Reina Sofia Arte Zentroa Museo Nazionalaren funtsetatik hartutako lehenengo mailako artisten obrez gain (Eduardo Arroyo, Rafael Canogar, Eduardo Chillida, Equipo Crónica, Juan Genovés, Luis Gordillo, Manuel Millares, Pablo Palazuelo edo Antonio Saura, besteak beste) Kubo Aretoko erakusketan kutxako funts artistikoetako zenbait lan garrantzitsu ere ikus daitezke. Lan horiek garai bereko artista euskaldunenak dira: Miguel Ángel Álvarez, Néstor Basterretxea, Menchu Gal, Rafael Ruiz Balerdi, Remigio Mendiburu, José Antonio Sistiaga, José Luis Zumeta, Jorge Oteiza edo Ricardo Ugarte, besteak beste.
|