1900.1936. KARTELISMOAREN GARAI GAKOA

 

KOMISARIOTZA: Maya Aguiriano

 

                            kubo-donostia-biarritz-cartelismo3 kubo-donostia-biarritz-cartelismo1 kubo-donostia-biarritz-cartelismo3

  

 

Ziurrenik, ez da oso baliagarria izango galdetzea zein azaldu zen lehenik, merkataritza kartela ala kultura kartela.Merkataritzakoan, saltzaile eta artisauen errotulurik sinpleenekin hasi zen genealogia.Bigarrenari dagokionez, agintaritzak herrian jarritako ohar edo bando bat, marrazkiekin edo gabe, izan liteke ideiaren abiapuntu, baina bai eta azokako kartel handi bat ere.Zibilizazioa sortzen duen unibertso horretan, gerraz ahazten ari gara, gerran ere oso aspalditik erabili baitira estandarteak, banderak edo borrokalariak berehala identifikatzeko elementuak.Pentsa dezagun Akira Kurosawaren Japonia feudaleko zinematografia zikloan, armada trinko eta beldurgarri baten gainean ehunka bandera dantzan ageri diren planoaren garrantzian.

 

 

Egun hiru modalitatetan ezagutzen dugun kartela –soziokulturala, merkataritzakoa eta politikakoa- industrializazioarekin sortu zen, hirigune handiak eratu zirenean, eta hiritar multzoei zuzentzen zitzaien haien begirada, arreta eta, ahal bazen, baiespena erakartzeko.Oinezkoak segundo gehiago eskainiko dizkio forma, letra eta kolore multzoak osatutako kartelari hobe konbinatua, harrigarriagoa, dibertigarria, dotorea, mehatxatzailea bada, alegia, bere helburua lortzeko gehiago konbentzitzen badu.

 

 

Kartelgintzaren urrezko garaia diren 1900-1936. urteak biltzen dituen erakusketa honen harira, adieraz daiteke bi mendeko garapenean urrezko hainbat garai izan dituela hainbat lekutan.XIX. mende amaierako Belle Époque-a, kartelgintzako lehena izan zena, batez ere Frantzian loratu zen, baina 1920. urte aldera zaila zen Europako herrialdeen artean lehentasunak ezartzea, Errusia ere barne hartuta.Pixkanaka, kartelgile eta marrazkilari amerikarrak sartu ziren, Bigarren Mundu Gerraren aurreko eta ondorengo urteak indar ikaragarriarekin irudikatu zituztenak.Abisurik gabe eta sozialismo errealean, edo hobe esanda surrealean, sortu zelako garrantzi gutxirekin, disidente poloniar eta txekoslovakiarrek liluratuta utzi gintuzten 1960 eta 1970eko hamarkadetan.Ibilaldi azkar hau amaitzeko, adierazi behar dut, gure ingurunean bertan, 1960ko hamarkadan nagusi izan zen kartelean fotografia gehiegi erabiltzearen imajinazio gutxiko aukera agortu ondoren, bigarren garai ederra abiatu zela, oro har, kultura kartelari dagokiona, marrazkilari handi eta gure garaiko artista onenen eskuetatik sortutako trantsizioarekin iritsi zena.

 

 

1900-1936. urteetan jartzen badugu arreta, esan behar da gai nagusia kultura dela:jaiak eta jaialdiak, kirol lehiaketak, turismoa, kongresuak, antzerkia... XX. mendean, zehazki, 1906an hasi zen, “Fiestas Euskaras (...)”ekin, Donostian.Garai hartako zezenketetako kartelen moduan, tamaina handiko litografiak egin eta geroz eta eskaera handiagoa zuten aldaerak eskaintzeko gai ziren arte grafikoetako enpresa espainiar gutxien eredu errealista-modernista-naturalista jarraitzen zuten.

 

 

Baina kartelgintzak 1920 eta 1930eko hamarkadetan Euskal Herrian harro sentiarazten gaituen ospea eta ugaritasuna lortzeko, hiru faktore izan ziren tarteko.Lehenengo, Europa guztian kartelaren nolabaiteko demokratizazioa, zabaltzea, gertatu zen, jada ez zen ekitaldi handietarako bakarrik erabiltzen, tamaina metro batez azpiko neurri estandarrera murriztuta askoz ere eskuragarriagoa baitzen.

 

 

Bigarren eskakizuna da industrian ezartzea, marrazkilari, kopista, aerografiako adituak, errotulistak eta, batez ere, harri litografikoekin lan egiten jarraitzen duten inprimatze teknikariak dituzten kalitatezko enpresak sortzea:Bilboko Elexpuru enpresa eta beti aipatzen den Tolosako Gráficas Laborde y Labayen, arlo guztietako exijentzia gorenaren adierazle baita.

 

 

Hirugarren faktorea amaierarako utzi dut, ez azkena delako, leku berezia merezi duelako baizik, sortzaileei dagokiena delako.Industriaren gorakadari eta maila tekniko altuari kartelgile eta marrazkilarien eta tarteka kartelak diseinatzen dituzten artista eta arkitektoen belaunaldi bikainari dagokio.

 

 

Garai hartako datu garrantzitsu bat da kartelgile eta marrazkilari gutxi batzuk arduraldi osoan jarduteko aukera izan zutela, egun profesionalizazioa deituko genukeena.Madrilen jaio eta 1919an Donostian finkatu zen Pedro Antequera Azpiri, bere jarduera kartelean eta diseinu grafikoan erdiratzeaz gain –liburu azalak, prentsako iragarkiak, etab.-, jarduera horren inguruan teorizatzen lehen izan zen, 1930. urte inguruan idatzi zuen “La Publicidad Artística para Todos” liburuarekin.Manchesterren jaio eta Donostian hazi zen John de Zabalo “Txiki”k, Obdulio López Uralde Gasteizen edo Luis Lasherasek Bilbon beren lana benetako lanbide bihurtzea lortu zuten.Paul Colin kartelgile handiak eta Paul Tillac marrazkilari bikainak ospe hori lagundu zuten Frantziatik.Ia donostiarra zen Rafael Penagosek eta Salvador Bartolozzi edo Luis Bagaríak gauza bera egin zuten Madrildik.

 

 

Gerra Zibilak hondatu zituen gure herrian edertasuneko eta zibilizazioko lorpen horiek guztiak eta, kasu batzuetan, bai eta artista, kartelgile eta marrazkilarien biziak ere.Antonio de Guezala, Juan Cabanas, Rafael Elósegui edo Nicolás Martínez Ortizen abangoardiako ausardia eten zuen; Carlos Landiren Art Déco geometrizazio dotorea; Aurelio Artetaren indarra; José eta Ramiro Arrueren naturalismo atsegina edo Eduardo Lagarde arkitektoak koloretako ebakinez osatzen zuen teknika oso berezia.

 

 

Iparraldearekin zuen sorkuntza trukea ere eten zuen eta Euskal Museoa eta Baionako Historiaren Museoko kartel bilduma garrantzitsua aurreko garai horren adierazle da.

 

Hain hurbilekoa ez den iragan horri begiratuz gero, ados egongo zarete Pirinioenalde honetan dekorazio edo diseinu arteen museo bat sortzeko geroz eta behar handiagoa dagoenarekin, gure arte ondareko lan bikain hori eta beste batzuk bil daitezen.