BANNERKUBOCHAGALL

  ERAKUSKETA   EGILEA PUBLIKO OROKORRENTZAT   FAMILIENTZAKO JARDUERAK   ESKOLENTZAKO PROGRMAK   EDIZIOA  

 

cartelizda-kubo-chagall

CHAGALL

Sens Dessus Dessous

 

KOMISARIOTZA: Elisabeth Pacoud-Réme eta Maurice Fréchuret

 

DATA: 2011ko uztailaren 23tik urriaren 9ra arte 

 

 

 

     Kubo-kutxa Aretoaren udako erakusketa giro onirikoan murgiltzeko gonbita da, bizitzaren alderik kaotikoena argitara atereaz grabitaterik ezaren sentipena bizitzeko gonbita. Hori guztia joan zen mendeko ezinbesteko artistetako baten sormenaren eta fantasiaren eskutik: Marc Chagall (Vitebsk, Bielorrusia 1887-Saint-Paul de Vence, Frantzia 1985).

 

   Non jaio zen eta non hil zen ikusita, errazago ulertzen da XX. mendearen historia asaldatuak nola behartu zuen gizon hau erbestez erbeste ibiltzera, eta oso labur esanda, errusiar jatorriko frantziar artista gisa igaro da Marc Chagall historiara.

 

   Nahiz eta zirkunstantziek etengabeko ibili horretara behartu, Chagall oso lotua sentitu zen bere jaioterri txikiari eta judu-tradizioei, ohiko gaiak bere lanetan. Horren haritik, oso egungoa den korronte baten aitzindari da: tokian tokiko artista izatea proiekzio globalarekin; beste era batera esanda: sustraien balioa hegoak jartzen zaizkienean. Bere jatorrietan oso sustraitua egoteak ez zion eragotzi bestelako arte-mugimenduetara hurbiltzea, nahiz eta, pertsonaia handi guztiekin gertatzen den bezala, Chagallek ere bere estilo berezia garatu zuen, eta horrekin oso erraz ezagutzen da bere lana.

 


    Marc Chagallek bizitza luzea izan zuen, eta denbora eta bokazioa izan zituen artearen arlo asko lantzeko. Margolari izateaz gain, Chagall ilustratzaile izan zen, eta zeramikarekin, erliebearekin eta mosaikoekin esperimentatu zuen. Antzerki eta opera-lanen taularatzea diseinatu zuen, eta beirateak ere egin zituen.

 

   Kubo-kutxa Aretoak Musée national Marc Chagall-ekiko elkarlanean antolatutako erakusketa berri hau –museo hori da erakusketaren sortzailea, ikusgai izan baitzuen 2010ean Nizako bere egoitzan- aukera aparta da artista multidiziplinar honen lanera hurbiltzeko; guztiak bat datoz XX. mendeko garrantzitsuenetako bat izan zela esateko. Erakusketa honen bidez Chagallen ikuspegi globala lortu ahal izango da, eta hori Nizako Musée national Marc Chagall, Musée national d’Art Moderne, Parisko Centre George Pompidou eta zenbait bildumagile pribatuk beren obrak lagatzeko izan duten eskuzabaltasunari esker.

 

   Guztiei gure esker ona, erraz sumatzen baita Gipuzkoan beti aberatsa izaten den udako kultura-eskaintza are distiratsuagoa izango dela 2011 honetan, lehen aldiz hartzen baitu Donostiak Marc Chagallen sortze-lan ikaragarri zabalaren lagin hautatu bat.