|
|
MARTÍN CHIRINO
Kanaria Handiko Las Palmas hirian jaio zen, 1925ean.
Oso gaztea zenean, arterako joera erakutsi zuen, egurra modu autodidaktan modelatu eta zizelkatuz. 1948an, Madrilera joan zen bizitzera eta Arte Ederretako San Fernando Eskolan sartu zen, burdina forjatzeko tailerretako ikerketak alde batera utzi gabe. 1952an, Parisera joan eta han Fernand Léger eta Julio González ezagutu zituen. Haiek, bere lana elikatu eta inspiratu zuten. Italian osatu zuen heziketa. Han, Piero della Francescaren lanarekin eta Migel Anjelen David-ekin bereziki harrituta geratu zen. Londresera ere bidaiatu zuen, non School of Fine Arts-en ikasi baitzuen.
Kanarietara itzulitakoan, abstrakzioaren esparruan esperimentatu zuen eta bere lanean Afrikako artearen eta arte surrealistaren eragina nabaritu zen.
EL PASO taldean sartu zen urtetik, 1957tik, ekoizpen nabarmenki lineala garatu zuen, horretarako forja erabiliz. Urte haietako lanak, dramatismoz eta asmo sakoneko mezuz kargatuta egoteaz gain, unibertsoko formekin eta herri-tresnekin lotuta daude. Horrela azaldu zuen, bere hitzetan: “Herri-tresna hauek gizakiaren luzapen gisa betetzen duten funtzioa nire lanak ere bete lezake. Gizakia lurrarekin lotzen dute, zeregin harmoniatsu eta beharrezko bat betez”.
Bere formak sinpletzen joan ziren. Espiralaren sinboloa irakurketa bikoitza emanez erabili zuen lehenengo artista garaikidea da (1958tik aurrera egin zuen): alde batetik, espresionismo abstraktuko trebakuntza urteen aztarna gisa erabili zuen, Brancusi eta Moore artisten ereduari jarraituz, besteak beste; eta, beste alde batetik, kezka gisa, Manolo Millaresekin batera. Hain zuzen ere, Millaresek bultzatu zuen Kanaria Handiko petroglifoak aztertzera, Chirino Madrilera iritsi aurretik.
1967an, Ameriketako Estatu Batuetara bidaiatu zuen eta 1972an tailer bat sortu zuen bertan. Urte haietan, lan monumentalak egin zituen, Afrikako arteari eta Kanarietako artearen antzinako formei buruzko ikerketei berriz helduta. 1980 inguruan, konstruktibismoan barneratu zen.
Gaur egun, 87 urte dituela, lanean jarraitzen du.
|