Banneelpaso

  ERAKUSKETA   KRONOLOGIA AUTOREAK PUBLIKO OROKORRA   FAMILIENTZAKO JARDUERAK   EDIZIOA  

 

MILLARES

  

MANOLO MILLARES

 


 

Kanaria Handiko Las Palmas hirian jaio zen, 1926an.


Bere arte ibilbidearen hasierari buruz hitz egiten duenean, haurra zelarik Las Palmaseko museora egiten zituen bisitetara atzera jotzen du. Garai hartan, zeramika guantxeak marraztu eta momiei begiratzen zien, eta zakuen telaz egindako momien estalkiek liluratuta utzi zuten. Horrek margolari kanariarraren lanean etengabeko aztarna utzi zuen: estalkiak, orain esku artean dugun kasuan, baina baita haren ekoizpen osoan lagun izan zituen uharteetako lehenengo biztanleen tresnak eta haien ikur grabatu eta estanpatuak ere.


Bertako plastikaren arloan egindako hasierako sarraldian, Manolo Millaresek gero bere ekoizpenean errepikatuko ziren oinarri konpositibo batzuk ezarri zituen. Margolariaren lehenengo urratsak sinbologia aldetik aberatsak izan ziren, mihisean edo arpilleran ikono koloretsu asko marrazten zituen.


1955ean, Madrilen finkatu zen margolari kanariarra. Madrilgo Salon de los Once X. Erakusketan (1953), Sao Pauloko Biurtekoan (urte bera) eta 1954an Habanan egin zen Hispanoamerikako II. Biurtekoan izandako partaidetza ziren bere lanaren bermeak. Millares, EL PASOko gainerako kideak bezala, estetika informalista baterantz igarotzen hasia zen eta taldeko sortzaileetako bat izan zen.


Arpilleretarako bidean, margolaria, pixkanaka, euskarria desegiten joan zen, deskonposatzen, hirurogeiko hamarkadaren bukaeran bere heldutasuneko obraren ezaugarri izango zen manipulazioaren aurrerapen gisa. Berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean, Millaresek arpillerak desegin eta josi zituen eta haiek marraztu, zulatu, zartatu eta saretu zituen.
Artistaren arreta gehien erakarri zuen alderdietako bat, zalantzarik gabe, manipulatutako oihalaren adierazgarritasuna zen; itoaldia eta bai jatorriarekiko bai gizartea etengabe zalantzan jartzeko konpromisoa transmititzeko ahalmena.      


Millaresen lanak hainbat ardatz izan zituen urteek aurrera egin ahala. Alde batetik, materiaren ardatza: horrek bere lan guztiak bereganatu zituen, gouacheak eta paper gaineko marrazkiak izan ezik. Beste alde batetik, bere planteamenduen etengabeko etika, kultura guantxearen errealitateak, haren zirkunstantziek, pizten zioten arretatik abiatu, eta bere larruan bizitako errealitate soziopolitikora iristen zena. Azkenik, margolari kanariarraren lanaren beste ardatzetako bat, ardatz prozesuala, batetik arpillera eta bestetik beltza erabiltzea izan zen.  Beltzak, zuriaren presentzia paraleloarekin lotzen denean, protagonismoa hartzen du, biak aurkakotzat eta aldi berean osagarritzat joz, argia eta heriotza bezala. Horri guztiari margolariak 1958 inguruan, zuria-beltza binomioa odolaren tankerako gorri pintzeladekin osatzen duenean, bere lanean egindako ekarpen kromatikoa erantsi behar zaio. Hemen dauden lanetan, bilakaera hori ikus daiteke.


Manolo Millares Madrilen hil zen, 1972an, 46 urte besterik ez zituela.

Autoreetara itzuli