ERAKUSKETA | |
PUBLIKO OROKORRENTZAT |
ESKOLENTZAKO PROGRAMAK | EDIZIOA |
ILAN WOLFF
Nahariya,Israel, 1953
Nahariya-n jaio zen, Israelen. Haifako Nery Bloomfield Diseinu Eskolan argazkilaritza-ikasketak egin ondoren, Europara joan zen 1981. urtean. Modako argazkilari-laguntzaile gisa jardun zuen eta, 1983. urtetik aurrera, camera obscuraren teknikan (teknika estenopeikoa) murgildu zen erabat, Amsterdamgo estudioan. Lehen erakusketa garrantzitsua egin zuen, One man show Parisko Bibliothèque Nationale-n, Mois de la photo à Parisen aitzakian, 1984. urtean. Urtebete geroago, Stern aldizkari alemanak lehen enkargua egin zion (22 zk., 1985) Ein ganzes Land im Eimer izenekoa. Harrezkero, Volkswagen furgoneta erabiltzen du zuri-beltzean eta koloretan bere irudiak egiteko.
1987 eta 1990 bitartean, Amsterdam eta New York hirietan bizi izan zen. 1988. urtean Kodak-en beka bat eskuratu zuen eta 1989. urtean, berriz, J&Jren enkargu bat. New Yorken beste Volkswagen furgoneta bat eraldatu zuen hiriaren argazkiak egiteko gela ilun gisa.
1990. urtetik aurrera, hainbat proiektutan lan egin zuen Europan, besteak beste: Bizitza desertuan – tribu beduinoei buruzko seriea, Frantziako Kultura Ministerioarentzat; Dublin camera obscura teknikaren bidez PANCOMentzat (Keith Noloan); egutegi bat 1992. urtean Man-Roland konpainiarentzat, Alemanian; Discovering Sevillako 1992ko Expo izenekoan, Andaluziako gobernuarentzat.
1992. urtean, Parisa lekualdatu zen eta bi urtean estudio batean jardun zuen, Cité Internationale des Arts izenekoan; Parisko hiriari buruzko proiektu bat egin zuen bertan. Lehen aldiz, dimentsio handiko espazioak eraldatu zituen, gelak esaterako, kamera ilun bihurtzeko, eta euskarri handitan lan egin zuen. Wolfen asmoa kameraren barruan egotea zen irudia sortzen den bitartean eta kanpoko errealitateari lotzen zaion “barne-paisaia” bat eraikitzea. 1993an, Parisko Musée Carnavalet-entzeko proiektu batean lan egin zuen. 1995ean, bere Renault furgoneta kamera estenopeiko bihurtu zuen eta Lorient hiriarentzat lehen enkargua egin zuen, Portua izenekoa; horretarako, furgoneta erabili zuen kamera gisa. Urte horretatik aurrera, bere kamera-furgoneta erabili zuen lan egiteko. 1997. eta 2000. urteen artean, Parisko monumentu sorta baten argazkiak egin zituen eta Châlon sur Saône (The Grand Album, 2000) hiriarentzat proiektu bat landu zuen.
1997an Seyssel-en hartu zuen bizilekua (Frantziako ekialdean, Genevatik hurbil), eta batik bat, camera obscura eta fotograma teknika lantzen duten tailerretan lan egin zuen. 1998tik aurrera, argazkigintza-teknika landu zuen batik bat, eta 4 elementuak seriea sortu zuen, 2002. urtean New York hirian erakusgai egon zena. Serie horretan beroa eta hotza erabili zituen energia gisa, calorigramaren teknikaren bidez irudiak sortzeko.
2004tik aurrera, naturaren eta ilargi-argiaren elementuak erabili ditu, batik bat, bere irudiak sortzeko: lunagramaren teknika. Ondoren, Foralies izeneko proiektua etorri zen, Bourg en Bresse-n (Frantzia), 2005en. 2006an, Donostia (Espainia) proiektua onartu zuen, hiriko Biltzar Zentrorako, 2008an egingo den erakusketa baterako. Proiektuak euskarri handiko hiriaren irudi-sorta bat biltzen du (furgoneta camera obscura gisa erabiliz), Donostiako kostaldeko lunagrama batekin batera.
2004tik aurrera, lan gehienak Frantzian, Espainian eta Alemanian egin ditu.