ERAKUSKETA | EGILEA |
HITZALDIAK |
ARGAZKIAK | EDIZIOA |
JOSUNE AMUNARRIZ Pinturarik instalaziora
KOMISARIOTZA: Barbara Rose
DATA: 2007ko martxoaren 8tik apirilaren 22ra
Zeinahi artistaren obrara hurbiltzea betidanik izan da ekintza ausarta, nahiz eta ez eduki epaitzeko edo iritzia emateko inolako asmorik. Unibertso hori, berez, arau ezagun eta apriorismoetatik salbu dago. Eta are gehiago Josune Amunarrizen mailako artista bati buruz ari garelarik. Emakume honen sormen-lanak dira, hain zuzen, kubo-kutxa Aretoa erakusketa berriko protagonistak.
Hasiera bateko hurbiltze-saioan, Amunarrizena obra abstraktua dela esan genezake, formatu handikoa eta garaikidea. Nolanahi ere, deskribapen hori eskasegia, urri samarra da, kontuan hartuta emakume honen ibilbide artistikoaren giltzarri nagusia berariazko bide baten bilatze-lana izan dela. Originaltasuna izan da Amunarrizen ibilbideko ezaugarri nagusia, eta horrek inolako akademia-kateetara ez makurtzera bultzatu du.
Finkatutako ororekin hautsi izan du, beti eta etengabe. Hastapenetatik bertatik tamaina handiko horma-margolaritza landu izan du. Tradizioan gizonezkoentzako zeregina izan zen, ahalegin fisiko ikaragarria eskatzen zuela-eta. Formatu handiko margolaritzaren aldeko aukera horrek, oraingoan ere, ohiko guztia, familiarekin lotutakoa, finkatutakoa.... gainditzeko grina ezkutatzen du atzean. Era berean, sormen-askatasunagatik lehentasuna eta konpromisoa adierazi ohi du, argi eta garbi.
Bere autonomia eta independentzia-egarria agerian geratzen dira, halaber, oihalaren aurrean hartzen duen jarrera dela tarteko; zuzen-zuzenean jarduten du, itzulinguruka aritu gabe. Ikuslea zur eta lur uzteko moduko obra da emaitza: erabat harrapatuko du, bai lanaren tamainagatik eta baita intentsitateagatik ere. Batik bat Amunarrizen azken sormen-etapako lanei buruz ari gara: formak tridimentsional bihurtzen dira, eta lanek, hormetatik jaitsi, eta ikuslearekin berarekin partekatzen dute espazioa.
Kubo - kutxa Aretoak biltzen duen Josune Amunarrizen erakusketa ezin da atzerabegirakotzat jo. Gipuzkoar artista honek 1971. eta 2006. urte bitartean egindako lanik garrantzitsuenak ezagutzeko aukera emango digu. Kantauri itsasoaren urertzean ekin zion Amunarrizek margolari-ibilbideari; Hondarribian, hain zuzen, bere jaioterrian. Hasierako paisaia, kolore eta ehundurak izan ditu bidaide urte hauetan guztietan. Eta horren lekuko dugu honako erakusketa hau. |