AR BRUT
Sormena eta eldarnioa
COLLECTION DE L'ART BRUT de LAUSANNA
KOMISARIOTZA: Dolores Durán Úcar
DATA: 2006ko abenduaren 20tik 2007ko otsailaren 28ra
Artelan sailkatu ezinak, inolako eraginik gabeak, arrazoirik gabeko artea, intuitiboa, bere burua artistatzat jo ez eta ospetsu izan, aberastu edo inoren gogokoa izan nahi ez dutenek egina. Arrazionaltasuna zeharo baztertzea eta sakon-sakonetik lan egiteko helburua duen artea. Artea artistena bakarrik ez dela erakusten duten lanak. Jeinutik eta eldarniotik sortutako artea, Art Brut edo Arte Gordina, azken batean.
Ar Brut terminoa Jean Dubuffet artista, artearen teorialari eta bildumagileak asmatu zuen 1945ean, korronte nagusietatik eta kultura ofizialetik kanpo sortutako artea izendatzeko. -Arte-sorkuntzaren prozesu normalak eta berezkoak Arte Gordinean bakarrik aurkitzen ditugu-, esan zuen Dubuffetek.
Gizartetik baztertutako pertsonek edo buruko gaixotasunen bat zutenek egindako lan haiekiko interesa 4.000tik gorako bilduma zabal batean jaso zuen Dubuffetek. Bere garaian Lausanako hiriari oparitu zion bilduma, eta gaur hantxe dago La Collection de l'Art Brut.
Kubo-kutxa Aretoan ikusgai dagoen Sormena eta eldarnioa erakusketan bilduma horretako ale batzuk jaso ditugu. Munduko bildumarik garrantzitsuena da, inondik ere, eta hamabi artistaren lanak bildu dira bertan. Artista horiek guztiak oso jatorri desberdinetakoak dira -taxi-gidariak, jostunak, langile arruntak, buruko gaixoak-, ez dute inolako lotura biografiko edo intelektualik, eta ez dira sekula arte-talde zehatz bateko kideak izan. Hona artista horien izenak: Aloïse Corbaz, Paul Amar, Carlo Zinelli, Curzio di Giovanni, Josef Hofer, Madge Gill, Kunizo Matsumoto, Reinhold Metz, Nek Chand, Laure Pigeon, Eugenio Santoro eta Adolf Wölfi.
Erakusketaren izenak ederki adierazten duenez, artista horien guztiek lotura bakarra dute elkarren artea: jeinua eta eldarnioa, eta guztiak ere autodidaktak izatea. Bakoitzak oinaze handiko bizimodua izan zuen. Batzuk gizartetik baztertuta bizi ziren eta beste batzuk buruko gaixotasunak zituzten. Adolf Wölfi (1864-1930) aitak abandonatu eta hainbat familiarekin bizi izan zen, harik eta lizunkeriagatik atxilotu zuten arte. Madge Gill britainiarrak (1882-1961) espiritismoa eta astrologia maite zituen, eta zenbait seme-alaba hil ondoren margotzen, idazten eta brodatzen hasi zen Myrinerest (barneko bakea) esaten zion espiritu batek gidatuta. Josef Hofer (1945) austriarra ez zen inoiz eskolara joan, eta haurtzaroa familiaren landetxean eman zuen bakar-bakarrik. Gormutua zen jaiotzetik, eta ez zuen inolako harreman sozialik izan 40 urtean.
Oinazeari eta deserrotzeari lotutako biografien zertzelada batzuk baino ez dira goikoak, eta hortik, arrazoitik eta konbentzionalismoetatik kanpo, indar handiko emaitzak sortu ziren.
Bestelako erakusketa dugu honakoa, bestelakoa baina berezia. -Artea gordin-gordinik-, Jean Dubuffet Arte Gordinaren aurkitzaile eta bultzatzailearen hitzetan.
|