ERAKUSKETA | EGILEAK |
|
|
EDIZIOA |
ASKATASUN GARAIAK Espainako Artea 1975etik 1990era
CECA laguntzarekin (Espainiako Auurezki-Kutxen Konfederazio).
KOMISARIOTZA: Fernando Francés
DATA: 2006ko azaroaren 14tik abenduaren 12ra
Askatasun garaiak.
Askatasun Garaiak. Oso izenburu iradokitzailea inondik ere, kubo-kutxa Aretoak duela lau urte Mende baterako artea zikloaz abian jarri zuen XX. mendeko espainiar artean barrena egindako ibilbidean jarraitzeko indarra ematen diguna. Oraingoan erakusketak oso erakarmen handiko epe bat jasoko du, 1975-1990 bitartekoa alegia, berau aldaketez betetako garaia. Ziurgabetasuna nagusi zen garaiak ziren hasieran, baina ilusioak, itxaropenak eta konpromisoak ere dena blaitzen zuten. Askatasun haizea zebilen bazterretan. Trantsizioaren hasiera zen, eta aire berria sartzen ari zitzaigun txoko guztietan; garai hartako arte panorama bera ere lehenagotik ari zen ildo horretan indar egiten.
Aldaketa eta adierazpen edo espresio forma berriak bilatzea artearen berezko bi ezaugarri dira, baina erakusketa honek hartzen duen epealdian hemengo artistek atzerrikoekin eta une hartan pil-pilean zeuden korronteekin zuten harremana erantsi zitzaien, harreman beti aberasgarria, zalantzarik gabe. Informazioa norabide bietan hasi zen mugitzen. Eta berezitasun horrek nortasun ezaugarri berriak erantsi zizkion garai hartako artearen sorkuntzari. Aldi berean, sustraietarako begirada hurbilagokoa errebindikatzen zen, eta lurralde-mailako mugimenduak ere sortuko ziren, batez ere Andaluzia, Galizia, Katalunia eta, ezin bestela izan, Euskal Herrian bertan.
Belaunalditan zehar galdutako denbora berreskuratu behar zen, eta ahalegin bizi horrek bor-bor jarri zuen aniztasuna nagusi zen eta homogenotasunari ihes egiten zion eszenatoki artistikoa. Figurazioa, abstrakzioa, pop-art, espresionismoa, neoespresionismo alemaniarra, Transbangoardia italiarra, frantziar jatorriko pintura-pintura... Edozein adierazpide zitzaigun baliozko eta sortzaile bakoitzaren begirada bereziaz ikertu eta egokitzeko modukoa.
|