ERAKUSKET | PUBLIKO OROKORRENTZAT | FAMILIENTZAKO JARDUERAK | ESKOLENTZAKO JARDUERAK | EDIZIOA |
CIRIA / ZUGASTI JOSÉ MANUEL CIRIA - JOSÉ ZUGASTI
KOMISARIOTZA: Mª José Aranzasti
DATA: 2009ko otsailaren 13tik apirilaren 19ra arte.
Kubo-kutxa Aretoko "Ciria / Zugasti" erakusketak bi artisten obren hautaketa-lan bat biltzen du. Erakusketak, beraz, sormen-prozesu sakon baten fruituak diren bi arte-solas koherente adierazten dizkigu; hain zuzen, artista bakoitzak, nork bere erara, gogoeta eta arte-praktikak egitearen ondoriozkoak.
Bakoitzaren nortasuna eta estiloa alde batera utzita, bi artistak, Ciria eta Zugasti, batera bizi dira abstrakzioa eta figurazioa etengabe gurutzatzen diren unibertso plastiko honetan. Bestalde, irudien huste-prozesuan egingo dute topo berriro: irudien hezurra eta haragia bereizten dituzte.
José Manuel Ciria (Manchester, 1960) New Yorken bizi izan da, 2005. urteaz geroztik. Ibilbide osoan egin duen margolaritza-lana materian oinarritutakoa, keinu bidezkoa, espresionista, geologikoa, post-suprematista, indarkeriazkoa… da. Areto honetan ikusgai dauden lanak, hain zuzen, 2005-2008 aldian egindako serietakoak dira: Máscaras de la mirada seriea, Post-Supremática seriea, La Guardia Place seriea, Mascaras burlescas seriea…
Hastapenetatik bertatik, Ciriari izugarri interesatu izan zaio bere sormen-prozesua azaltzen duten kontzeptu-proposamenetan arakatzen ibiltzea. Bere margolaritza-lanean, beltzarekin eta zuriarekin batera, kolore gorria izan da nagusi. Ciria etengabe ahalegindu da bere sustraietara hurbiltzen, margolaritza piktorikora hurbiltzen. Horretarako, izugarri miretsitako artistak izan ditu eredu. Azken batean, zeregin hori eskuratze-joko moduko bat izan da, eta horrexek osatzen du margolaritzaren historia.
José Zugasti artistak (Eibar, 1952) giza irudiaren aldeko apustua egin du bere ibilbide artistikoan. Eskulturaren bilakaeraren historian, hain zuzen, nonahiko gaia izan da hori. Hainbat lodieratako harizko hagaxka erabili izan du Zugastik, eta ederki asmatu du; izan ere, erabilera horrekin, trebetasun eta adierazkortasun bereziak atxiki dizkio material xume honi. Figuración (Figurazioa) serieaz gero, artista irudien barnealdea husten aritu da. Eta beste serie batzuk sortu ditu: Estructuras y Transparencias, Ni pies ni cabeza, Jardín virtual, Romances de la forma eta Buscando cielos. Azkenik, abiaburura itzuli da artista, eta berriz egin du topo giza irudiaren ezegonkortasun eta ahultasunarekin. Esate baterako, Conmiseración seriean (2008).
Zugastiren ibilbidean azpimarratzeko moduko ataletako bat eskultura publikoa da. 2000. urteaz gero ari da hori lantzen, eta hainbat lan jarri ditu ikusgai Madrilen, Bilbon, Agurainen, Mallorcan, Lemoan (Bizkaia), etab.
|