
|
|
RAFAEL CANOGAR
Toledon jaio zen, 1935ean.
Artean 10 urte ere ez zituela, Madrilen finkatu zen.
1946an, familiarekin batera Donostiara etorri zen, urtebeterako. Hiri honetan, Olasagasti margolariaren bizilagunak izan ziren. Hark, Rafael Canogarren dohainak ikusita, Ascensio Martiarena margolariarekin trebatzea gomendatu zien. Artista gipuzkoarrak gomendatu zion Madrilera itzultzean Daniel Vázquez Díaz-ekin ikasteko eta haren estudioan 1949tik 1954ra arte egon zen. Bitartean, arratsaldez, Círculo de Bellas Artes-en marrazten zuen.
Bere estreinako lanak erretratuak, paisaiak eta bodegoiak izan ziren, maisuaren estiloan eginak. Hark erakutsi zizkion, hain zuzen, Braque, Picasso eta Miró-ren lanak eta zirrara handia eragin zioten.
50eko hamarkadaren erdialdean, Manuel Conde poeta eta kritikaria ezagutu eta harekin batera Frantzia eta Italian zehar bidaiatu zuen garaian, bere pinturak abstrakziorako norabidea hartu zuen, nahiz eta oraindik ere konstruktibismoaren nolabaiteko kutsua izan eta, ondoren, abstrakzio informalista puruenera jo zuen. Estilo hori espresionista abstraktu estatubatuarrekin oso lotuta zegoen, zehazki, Mark Rothko-rekin.
Une hartan, Luis Feito ezagutu eta bere lehenengo erakusketa egin zuen, Parisen. Hurrengo urtean, Florentzian egin zuen. Sánchez Camargok katalogoan sarrera labur bat idatzi zuen, eta sarrera horretan “materialen ehundura lodi eta zimurrak” nabarmendu zituen.
Canogarren lanetako protagonista adierazkortasun handiko keinua zen, materia askorekin egina, eta beltza, zuria eta gorri tonuren bat erabiltzera mugatzen zen paleta batean oinarritua, erakusketa honetan agertzen diren lanetan ikus daitekeenez.
1958ko Veneziako Biurtekoan izan zuen harrera onari esker, bere lanak aintzakotzat hartu zituzten. Erromako L’Attico galeriarekin lan egiteko kontratu bat sinatu eta harekin banakako erakusketa bat aurkeztu zuen. Erakusketa horretan, Calvesi kritikariak pintorearen errealitate “berehalako, isilarazi eta argiki dramatiko bateranzko tentsioa” aipatu zuen.
EL PASOrekin egindako ibilbidea bukatu eta denbora laburrera, 1963an, Canogarrek informalismoa utzi eta pintura figuratibora itzuli zen. Artista horren ibilbidean, abstrakzioaren eta figurazioaren arteko txandakatzea konstante bat izan zen. Berak esan zuenez, pintura, edozein alderditatik begiratuta, “bizitzako premiazko behar bat da, nork bere burua errealizatzeko modu bat”. “Nire emozio eta obsesio guztiak transmititzeko tresna edo uhala, komunikazio tresna bat eta izateko eta bizitzeko modu bat”.
Gaur egun, Canogarrek lanean jarraitzen du.
|