
|
|
JUANA FRANCÉS
Alacanten jaio zen, 1924an.
Madrilgo Arte Ederretako San Fernando Eskolan ikasi zuen. Beka bati esker, Parisera joan zen eta han garai hartako abangoardiako mugimenduekin harremanetan jarri zen.
Bere lehenengo lanak, figurazio hieratikoak, kritikarien arabera, ia muralak ziren, adibidez: bolumen geometriko hutseko beirateak eta kolore-espazio lauak. Haien gaia giza irudia zen eta, modu batera edo bestera, gainerako lanetan ere presente egon zen.
Formen abstrakzio geometrikoan barneratu ondoren, 1956 inguruan, material plastiko berriak ikertzen hasi zen eta horiek, azkenean, informalismora eraman zuten. EL PASOko hasierako kideetako bat izan zen, baina hilabete gutxi batzuk bakarrik eman zituen taldean.
50eko hamarkadaren bukaeran egin zituen lanak Informalismo Matérico: Arenales (Materiaren Informalismoa: Hareatzak) deituriko etapan barneratzen dira. Bere margoetan, nolabaiteko kutsu surrealista nabarmentzen da. Surrealismo hori musikako teknika gogorarazten duten formarik gabeko kolore eremuak erabiliz transmititzen zien koadroei, baita hodei efektua sortzeko teknika bat baliatuz ere. Beste lan batzuetan, elementu mineralak erantsi zituen, adibidez: zeramikako edo adreiluzko zatiak, lur aztarnak, harri-koskorrak edo egur hondarrak. Lan horien guztien azpian, erdialdean kokatutako motibo baten inguruan elkartzen den konposizio magmatiko bat dago. Motibo horiek, nagusiki, lerro kurbatuz, dripping-ez eta kolore ilunez osatuta daude eta, bat-bateko argi gisa agertuz, lan osoari oroitzapen kutsua ematen diote, guregana iristen dena ikusitakoa ez baizik eta pinturak ikusi duenaren oroitzapena izango balitz bezala. Horixe ikus daiteke hemen ikusgai dauden lanetan.
60ko hamarkadan, bere pintura informalismotik aldentzen joan zen eta paisaietan inspirazio handiagoa hartzen zuten formak ikus daitezke, lur eta alor ehundurekin. Horiek El hombre y la ciudad (Gizona eta hiria) sorta ekarri zuten; gaur egungo gizakiaren eta bere ingurunearen tentsioaren isla. Geroago, berriz ere abstrakzioan barneratu zen, baina kolorea modu espresionistagoan erabiliz.
Madrilen hil zen, 1990ean.
|