|
|
ANTONIO SAURA
Antonio Saura Huescan jaio zen, 1930ean.
Heziketaz autodidakta izanik, 1947 inguruan ekin zion margotzeari, susperraldi luzea izatera behartu zuen gaixotasun luze bat izan zuenean. Denboraldi hartan, Cuencan eta Madrilen bizi izan zen.
1953an, Parisera bidaiatu zuen eta, han, talde surrealistaren jardueretan parte hartu zuen. Urte hartan, emakumeen gorputzaren egituran oinarritutako lehenengo lanak egin zituen. Aldi berean, bere lanak informalismoranzko bidea egin zuen, action painting-ak erabat txundituta utzi ondoren. 1955ean, surrealismotik betiko aldenduz, lehenengo grattage-ak eta zuri-beltzezko margoak egin zituen. Pintura ulertzeko modu berri bat zen eta, hasieran, surrealismoan presente zegoen irrazionaltasunaren indarretik, subkontzienteko paisaia irudikatzeko desio horretatik urruntzen ez zen arren, Saurak beti izan zuen ezaugarria, jario-piktorikoa, nabarmentzen zen. Horrez gain, pinturan hustasunak betetzen duen funtzioari, espazioa materia piktorikoaren bitartez okupatzeko aukerei, buruzko ezagutza sakona adierazten zuen. Espazio horretan, hutsuneen existentzia bereziki adierazgarria zen, besteak beste, margolariaren keinu ia fisiko baten existentziaren ondorioz. Keinu horrek mihiseari erritu kutsua ematen dion. Gutxitan “betetzen” zen artelana elementuz eta margoz; Multitudes (Jendetzak) lanaren kasuan, besteak beste.
1956an, Madrilgo Liburutegi Nazionala haren lanari buruzko erakusketa antologiko baten egoitza izan zen. Une horretan egin zituen lehenengo Damak, ia zuria eta beltza bakarrik erabiliz. Erakusketa honetan, hiru dama daude: Rona, Vega eta Tani.
Emakume bat, ama jainkosa, emakumea espazio huts bateko elementu nagusi eta bakar gisa, horixe da artista honen lanetan maizenik aurkitzen dugun erreferentziazko elementu figuratiboetako bat. Saurak, bere idazki askotan adierazten zuen bezala, emakumeen gorputza euskarri gisa erabiltzen zuen, kontrolik gabeko jarduera piktoriko batean erortzea eragozten zion plantilla gisa.
Bere Damek bizia eman eta, aldi berean, suntsitu egiten dute; izugarriak, desitxuratuak eta munstro modukoak dira. Berak honela azaldu zuen: “Munstroak egitea ia bizi-agiri bilakatu dut”.
Lan horiekin batera, Multitud (Jendetza) izenekoa dago erakusketa honetan. “Popa-argi batek lez, kultu batek, protesta edo fanatismo batek, sumindura edo erregu batek erakarritako giza-uholdeen deiadarra irudikatu nahi izan ditut –idatzi zuen–. Jendetzak egitura etengabez, errepikakorrez, osatuta daude, eta margolariak, uneren batean, “mikroskopioarekin behatutako bakteria bizien dantza” batekin alderatu zuen.
Antonio Saura 1998an hil zen.
|