Banneelpaso

  ERAKUSKETA   KRONOLOGIA AUTOREAK PUBLIKO OROKORRA   FAMILIENTZAKO JARDUERAK   EDIZIOA  

 

SUAREZ

  

ANTONIO SUÁREZ

 


 

Gijónen jaio zen, 1923an.


1936tik 1943ra, hainbat lanbidetan ziharduen bitartean, Industri Perituen Eskola Ofizialeko gaueko klaseetara joaten zen. 1945ean, arkitekto baten estudioan lan egiten hasi zenean, Rubio Camín ezagutu eta harekin paisaiak margotzeari ekin zion.  1949ra arte, lana eta pintura uztartu zituen.


Hiriburura egindako zenbait bidaiatan, Madrilgo Eskolako artistekin harremanetan jarri zen. 1951n, Parisera joan zen; 1953an, berriz, Asturiasera itzuli eta, hamarkadaren bukaeran, Madrilen behin betiko finkatu zen. El Paso taldeko kide sortzaileetako bat izan zen.


50eko hamarkadako hasierako urteetan, bere pinturak eskematizaziorako joera zeukan. Gero, abstrakziora bideratu zen eta, Parisera iritsi zenean, hori utzi eta errealismora zuzendu zen.  50eko hamarkadaren bukaeran, monotipoak margotzen hasi zen. Teknika berri bat zen eta bere etorkizuneko lanean erabakigarria izan zen, ondorio kromatikoen eta aurrean ireki zizkion bideen eraginez.


EL PASO taldeko kide gisa, aro informalista bat izan zuen. Garai hartan, forma konbultsibo bortitzak eta gorriz sastakatutako eremuak egin zituen.  EL PASOn eman zuen denbora bere bilakaera piktorikorako oso positiboa izan zen, nahiz eta hilabete gutxi batzuk besterik ez ziren izan. Bere konposizio piktorikoetan, orbanak, koloreak eta materiak lengoaia pertsonal baten sorkuntza zehazten dute. Lengoaia horrekin etengabe esperimentatu zuen, errealitatea irudikatzearen eta figurazio eta abstrakzioaren arteko mugak ezartzearen arazoa konpontzeko. Ondorioz, bere lana koadroaren gainazalean bata bestearen gainean metatutako pintura geruzaz beteta dago. Hala, itsasaldi lodiak eta iragarpen ilunak egiten zituzten zurrunbiloak sortu zituen, Abstracción (Abstrakzioa) lanean ikusten dugun bezala.  Juan Eduardo Cirlot arte-kritikariak 1959an esaten zuen bezala, “Euskarriaren gainean behin eta berriz arituz, dualtasun berezia sortzen du: euskarriaren hasierako bi dimentsioko espazio neutroa ekintza piktorikoak sortzen duen espazio balioaniztun eta taupakariak, ebakitako arteriak isurtzen duen odol txorrota bezain biziak, inbaditzen du”.


Taldea utzi ondoren, formak arazten eta paleta kromatikoa zabaltzen joan zen. Bitartean, paisaien erreferentzia figuratiboak azaldu ziren.


 

 

Autoreetara itzuli