25+1 GOYA SARIAK
KOMISARIOTZA: Asier Mensuro
DATA: 2012ko irailaren 21etik abenduaren 9ra arte 2
2012an, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 60. urteurrena ospatuko da. Zinemaldiaren ibilbide luze honetan nazioko zein nazioarteko zinemagintzako ekoizpenik hoberenak ikusi ahal izan ditugu urtero eta, hala, ekitaldi saihestezin bihurtu da zazpigarren artean ari diren profesional eta horren zale diren guztientzat. Acción Cultural Española (AC/E) eta Kutxa Fundazioak ospakizun horretan parte hartu nahi izan dute, Zinemaldiko egitaraua aberasten lagunduz. Ahalegin horren barruan sartu behar da kubo-kutxa Aretoan egingo den “25+1. Premios Goya Sariak” izenburuko erakusketaren aurkezpena. Abentura bat den erakusketa horretan, gure zinemagintza barne-barnetik ezagutu eta azken 26 urteetan zertan izan den jakin ahal izango dugu.
Espainiako Arte eta Zinemagintzako Zientzien Akademiak, 1987an, trebetasun handiz eta etorkizuneko ikuspegi argiz, Espainiako zinema sustatu eta gure zinemagintzan lan egiten duten teknikari eta artista taldeen eginkizuna aitortzearren, urtero ematen diren sari batzuk sortu zituen, aragoiar jeinuzko artistaren izena dutenak; Goya sarien banaketa urteko gertakizun nabarmenenetako bat da zineman, eta gehien espero direnetakoa.
Erakusketa hau film hoberenari emandako Goya saria irabazi zuten filmen inguruan antolatu da, hain zuzen ere izenburu hauen inguruan: El viaje a ninguna parte (Inorako bidaia), El bosque animado (Baso animatua), Mujeres al borde de un ataque de nervios (Beren onetik ateratzeko zorian dauden emakumeak), El sueño del mono loco (Tximino eroaren ametsa), ¡Ay Carmela! (Ai, Carmela!), Amantes (Maitaleak) , Belle Époque, Todos a la cárcel (Denak kartzelara), Días contados (Azken egunak), Nadie hablará de nosotras cuando hayamos muerto (Inork ez du gutaz hitz egingo hilda gaudenean), Tesis (Tesia), La buena estrella (Izar ona), La niña de tus ojos (Zure bihotzeko laztana), Todo sobre mi madre (Dena nire amari buruz), El bola (Bola), Los otros (Besteak), Los lunes al sol (Astelehenetan eguzkitan), Te doy mis ojos (Nire begiak ematen dizkizut), Mar adentro (Itsas zabalera), La vida secreta de las palabras (Hitzen bizitza sekretua), Volver (Itzuli), La soledad (Bakardadea), Camino, Celda 211 (211. gela), Pa negre eta No habrá paz para los malvados (Bakerik ez gizatxarrentzat).
Donostiako Zinemaldian, zinemako ekoizpenik hoberenak erakusten dira urtero; film nazionalak eta nazioartekoak lehian aritzen dira hain gutiziatua den Urrezko Maskorra lortzeko –besteak beste, Los lunes al sol (Astelehenetan eguzkitan) eta Días contados (Azken egunak) filmek irabazitakoa–, eta baita oso desiratua den Zilarrezko Maskorra eskuratzeko ere –beste batzuen artean Javier Bardem, Luis Tosar, Laia Marull edo Nora Navas antzezle espainiarrei emandakoa. Horiek guztiek, halaber, lanbideko kideen aitorpena erdietsi zuten Goya Sarien ekitaldian.
Bisitariei denboran barrena emoziozko bidaia bat egitea proposatzen zaie, aldi horretan Espainiako zinema askotarikoak izandako bilakaera laburbiltzen duen ibilbide bat; bidean, Goya sariak sortu zirenean dagoeneko ospetsuak ziren zuzendari, antzezle edo teknikariak aurkituko ditugu –hala nola, Luis García Berlanga, Carlos Saura, Fernando Fernán Gómez edo Gil Parrondo–, eta baita azken 26 urteetan entzutetsu bihurtu diren irudi berriak ere: Alejandro Amenábar, Icíar Bollaín, Penélope Cruz edo Alberto Iglesias. Gure zineman ohikoak diren generoak aurkituko ditugu –historikoa edo komedia–, eta, horien ondoan, Espainiako zinemagintzan lehenago ia aztertu ez direnak –fantasiazkoa eta beldurrezko edo thriller generoak–, eta urte hauetan arrakastatsuak izan direnak. Gure zinemaren nazioartekotzea ere bizi ahal izango dugu, egile ezagun batzuen eskutik: Pedro Almodóvar, Fernando Trueba edo Isabel Coixet.
|