Argazkia: Juantxo Egaña
|
|
Miquel Navarro 1945eko irailaren 29an jaio zen, Mislatan, Valentzia hiriaren ondoko herri batean, eta gaur egun bertan bizi eta lan egiten du.
1964tik 1968ra ikasketak egin zituen Valentziako Arte Ederren Goi Eskolan, eskulturako espezialitatean, baina garai hartan, marrazten eta margotzen jarduten zen, gehienbat.
70eko hamarraldiaren hasieran, artistak buru-belarri ekin zion eskulturari. 1973an, bere Hirietako lehena sortu zuen, pieza txiki askok osatutako konposizioak –oinarrizko edo eraldatutako bolumenak, taldekatzen, elkarrekin erlazionatzen eta lotzen direnak–, lurzoruan zuzenean zabaltzen direnak, hartatik bereizteko oinarririk gabe, lurraldea bereganatuz. Hasiera batean, terrakotaz egiten zituen, eta gero zinka, aluminioa edo brontzea bezalako metalak sartzen joan zen. Hiriak, irudimenezko arkeologia horiek, oinarrizko elementu bat dira eskultorearen sormenean. Haren lanaren ezaugarri nagusia, izan ere, paisaia eskultorikoaren birsorkuntza da, hiria izanik gai esanguratsuena.
Bakarkako lehen erakusketa 1972an egin zuen, Oviedon. Hurrengo urteetan, besteak beste, Madrilgo Buades eta Fenando Vijande galerietan edo Sevillako Joana de Aizpuru galerian egin zituen erakusketak. Hasiera hartan, oso garrantzitsua izan zen harentzat New Images from Spain erakusketan parte hartzea. Erakusketa hura New Yorkeko The Solomon R. Guggenheim Museumen egin zen, Margit Rowell komisarioa zela, 1980ko udaberrian, eta funtsezkoa izan zen artista nazioartean ezagutzera emateko.
1986an, Kultura eta Kirol Ministerioak emandako Arte Plastikoen Sari Nazionala eskuratu zuen; urte berean, XLII. Veneziako Biurtekoan parte hartu zuen, Espainiako pabiloian, Ferrán García Sevilla, Cristina Iglesias eta José Maria Siciliarekin batera. Une hartatik aurrera, munduko leku askotan egin dira haren lanaren erakusketak, eta, horrekin batera, eskultura handiak jarri ditu espazio publikoetan.
2005. urtean, bere bilakaera artistikoaren ibilbidearen xehetasunak erakusten dituzten bostehun obra baino gehiago eman zizkion IVAMi –Arte Modernoko Valentziako Institutuari–. Erakunde horrek artistaren Katalogo Arrazoitua argitaratu zuen, 2015ean, non 1964. eta 2000. urteen bitartean egindako marrazkiak, pinturak eta argazkiak biltzen diren.
Miquel Navarro Mislatan bizi da gaur egun, eta bertan egiten du lan. 2016. urteaz geroztik, Mislatako Miquel Navarro biurtekoa antolatzen da herri horretan.
|