ZURE IRUDIZKO HIRIA
LEHIAKETAREN OINARRIAK
1.- Lehiaketaren xedea
Lehiaketa honetan, parte-hartzaileek Miquel Navarroren hiriak hartu ahal izango dituzte abiapuntutzat. Hiriak pieza askok osatuak dira, ehunka unitate, lurraldean barrena hedatzen eta haren jabe egiten direnak. Artista valentziarraren lana ikusgai dago gaur egun Kubo-kutxan (Zurriola etor.,1), “irudizko arkeologiak” izeneko erakusketan.
Miquel Navarrok bere irudimena eta haurtzaroko oroitzapenak erabiltzen, eta fantasia eta errealitatea nahasten ditu hiriak sortzeko, non bereiz daitezkeen etxeak, eraikinak, plazak, dorreak, harresiak, lantegiak, intsektuak… Elementuak elkartzen eta lotzen dira obra unitario bat sortzeko. Erakusketa honetan hiru hiri desberdin osatzen dira: La Ciutat, Ciudad roja eta Entre muros. Biztanlerik gabeko hiriak diren arren, badute arima, eta bizi taupadak, eta beren zatien arteko erlazioari, botereari eta existentziari buruzko gogoeta egitera eramaten gaituzte. Askatasun arkitektonikoaren paradigma gisa ere funtzionatzen dute. Haren hirietan arauak arbitrarioak dira, eta aldatzen dira, nork eta nola begiratzen dituen.
Zure irudizko hiria lehiaketan Miquel Navarroren azalean jar zaitezen nahi dugu. Utzi zure irudimenari hegan egiten. Senti zaitez erabat aske, eta sortu zure hiri-espazioa, zure hiria. Tamaina eta forma askotako piezekin inprobisatu beharko duzu, etxean topatutako materialak erabilita. Guztiak balio du: kortxoa, kartoizko piezak, kutxa gardenak, mahai tresnak, baxera… Arau bakarra zure buruak jarritakoa izango da. Zure irudizko hirian edozein objektu eta burutazio dira ongietorriak.
2.- Baldintzak
Lehiaketan parte hartu ahalko dute nahi duten pertsona fisiko guztiek. Parte-hartzaile bakoitzak argazki bakarra aurkeztu ahal izango du lehiaketara, proposaturiko gaiari buruzkoa. Parte-hartzailearen Instagrameko kontuak publikoa izan beharko du; izan ere, hala ez bada, bere kontaktuek bakarrik ikusiko dituzte argazkiak. Antolatzaileek argazki guztiak aztertu, eta balioetsiko dituzte, eta eskubidea izango dute beren irizpideen arabera lehiaketaren baldintza teknikoak, artistikoak eta/edo legezkoak betetzen ez dituzten lanak ez onartzeko. Parte hartu nahi duten 18 urtetik beherakoek baimena eskatu beharko diete gurasoei edo legezko tutoreari lehiaketan izena eman eta parte hartzeko.
3.- Izena ematea eta parte-hartzea
Soilik Instagram bidez parte har daiteke. Hala, argazkia #MiquelNavarro hashtag-arekin bidali beharko da, eta Kubo-kutxaren Instagram (@kubokutxa) kontu ofizialaren jarraipena, aipamena eta etiketatzea egin. Era berean, Instagramen jarritako irudiaren deskribapenean izenburu bat jarri beharko da. Antolatzaileek erreserbatuta dute beren ustez oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten edo edukiagatik oinarrizko eskubideak urratzen dituzten irudiak baztertzeko eskubidea.
4.- Deialdian parte hartzeko epea
Lehiaketan parte hartzeko epea: 2017ko martxoaren 23tik apirilaren 23era, biak barne.
5.- Lehiaketako argazkien gaineko eskubideak
Parte-hartzaileak adierazten eta bermatzen du lehiaketara aurkezturiko argazkiaren egile bakarra dela, baita argazki horren/horien gaineko egile-eskubide guztien titular bakarra ere. Era berean, parte-hartzailearen erantzukizuna izango da argazki bakoitzean ager daitezkeen pertsonei beren irudiarekin lehiaketan parte hartzeko baimena eskatzea, non eta argazkia ez den leku publiko batean eta legez ezarritako moduan egin, bere gain hartuta irudirako eskubidearekin loturiko ezein erreklamazioren gaineko erantzukizun guztia. Parte-hartzailea izango da legezko arduradun bakarra, aurretik egindako irudiak erabiltzeagatik egile-eskubideekin lotutako lege urraketen ondorioz sor daitekeen edozein gatazkaren aurrean.
Antolatzaileek lehiaketa promozionatzeko eta hari buruzko informazioa hedatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten ekintzak gauzatu ahal izateko, parte-hartzaile guztiek Kubo-kutxari lagako dizkiote, doan eta modu esklusiboan, lehiaketara aurkezturiko irudiak eta testuak erreproduzitzeko eta publikoki zabaltzeko eskubide guztiak. Eskubide horien lagapenak lehiaketaren esparruari eta balizko ondorengo erakusketari bakarrik eragingo dio. Baimena emango dio, halaber, lehiaketa deitu duen erakundeari lanak teknikoki eraldatzeko, Interneteko formatura, irudira edo itxurara egokitzeko beharrezkoa den heinean, baita egoki iritzitako euskarri fisikoetan erreproduzitzeko ere.
6.- Epaimahaia
Epaimahaia arkitekturako eta argazkilaritzako adituek eta Kubo-kutxaren ordezkari batek osatuko dute, eta haiek arduratuko dira epaimahaiaren hiru sariak emateaz. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da, baita sariak hutsik geratzen diren kasuetan ere.
7.- Sariak
Hiru sari banatuko dira, obra erosketaren kontzeptuan. Bakoitzeko, Moleskine marrazketa koaderno bat eta Gustavo Gili argitaletxearen Acuarela para urban sketchers liburu bat, eskuliburu erabilgarri bat akuarelaren munduan barneratzeko gaiari buruzko lezio laburren bidez, non erakusten diren, besteak beste, ureztatzea eta glaseatzea bezalako oinarrizko teknikak, erabili ohi diren materialak eta tresnak, trikimailu errazak eta alderdi praktiko, narratibo eta estilistikoen inguruko gomendioak.
Epaimahaiaren erabakia 2017ko apirilaren 28an jakinaraziko da. Hiru irabazleek Kubo-kutxaren sare sozialen bitartez jasoko dute albistea, eta baimena ematen dute beraien izena aretoaren informazio- eta promozio-materialetan –inprimatuak zein digitalak izan– ateratzeko. Sarituriko argazkiak eta dagozkien testuak Kubo-kutxaren jabetza eta erabilera esklusibopean geratuko dira, eta erakundearen argazki funtsen zati bilakatuko dira. Egileek erakundeari lagako dizkiote argazki irabazleak erakusteko eta erreproduzitzeko eskubide guztiak. Argazki irabazleen egileek Kubo-kutxaren berariazko baimena eskatu beharko dute argazkiak edozertarako erabiltzeko, edo beste lehiaketa batean aurkezteko.
8.- Datu Pertsonalak babestea
15/99 Lege Organikoari jarraiki, jakinarazten dizugu Zure irudizko hiria lehiaketaren bidez jasotako datu guztiak parte-hartzea behar bezala kudeatzeko eta oinarri hauetan jasotakoa betetzeko bakarrik erabiliko direla. Sartzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatzerakoan indarrean dagoen araudiak ezarritakoa beteko da.
9.- Oinarriak onartzea
Parte-hartzaileek, lehiaketan parte hartuta, oinarri hauek guztiak onartzen dituzte.