ERAKUSKETA | JARDUERAK |
EDIZIOA |
H2O Izotz, ur, lurrin.
KOMISARIOTZA: Dolóres Durán Úcar
DATA: 2008ko azaroaren 5etik 2009ko urtarrilaren 27ra arte.
«Dakiguna ur tanta bat da; ez dakiguna, itsasoa», esan zuen Isaac Newtonek. Nahiz eta ordutik hona urte askotxo joan diren, eta «garapen» deitzen dugun horren bidean aurrerapen zientifiko eta teknologiko ugari izan diren, Newtonek botatako esaldiak indarrean dirau erabat.
Newtonek metafora gisa erabili zuen ura, gizon-emakumeok ezer gutxi dakigula adierazteko. Hala eta guztiz ere, dena jakingo bagenu bezala eta gure bizitzaren eta gure planetaren aldagai guztiak mendean izango bagenitu bezala jokatzen dugu maiz.
Errealitatea egoskorra da, ordea, eta behin eta berriro ohartarazten gaitu. Ura, existentziarako eta bizitzak aurrera egiteko ezinbesteko osagaia, agorrezina izango balitz bezala eta mugarik gabe erabili ahal izango bagenu bezala jokatu dugu luzaroan. Azkenean, baina, ura zaindu eta errespetatu beharreko ondare preziatua dela onartu behar izan dugu. Etorkizuna dugulako jokoan.
Kubo-kutxa Aretoak «H2O. Izotz, Ur, Lurrin» erakusketarekin bukatuko du 2008ko programazioa. Espainiako eta nazioarteko sona handiko hainbat artistaren lanen bidez, uraren adierazgarritasuna eta edertasuna ezagutzeko aukera emango digu erakusketak. Ibilbidea hainbat ikuspuntutatik egin daiteke: gozamenetik, kezkatik, jakin-minetik edo artelan bat ikusteak eragindako emozioetatik.
Dena dela, oraingoan, erakusketak gogoeta eragitea ere nahi genuke; urarekin dugun harremanari buruzko gogoeta, alegia. Horregatik, erakusketa egin bitartean, baita ondorengo hilabeteetan ere, ura behar bezala eta iraunkortasunez erabiltzearen garrantziaz ohartarazi nahi duten jarduerak hartuko dituzte kubo-kutxa Aretoak eta kutxaren Gizarte Ekintzaren beste zenbait gunek.
Ildo horretan, urak Mundu Klasikoan barrena egindako ibilbidea ezagutu ahal izango dugu Zientziaren kutxaGuneak diseinatutako bost zientzia moduluren bitartez. Kubo-kutxa Aretoan bertan, bestalde, kutxak urarekin eta teknologia berriekin lotuta babestutako hainbat proiektu aurkeztuko ditugu.
Haurrak dira mundu iraunkorraren oinarria eta etorkizuna. Horregatik, Gaztetxoen Elkarteak eta kubo-kutxa Aretoak antolatu ohi duten lehiaketak ura izango du aurten ardatz nagusi. Azkenik, urte bukaeran, kutxaren Gabonetako ohiko liburua aurkeztuko dugu; urari buruzkoa, hura ere.
Finean, mota guztietako jarduerak, urarekin lotutako gaiak kutxaren ingurumen ekimenen ardatz nagusien artean jartzen dituztenak.
Ura mundu klasikoan:
Kubo-kutxa Aretoko «H2O: Izotz, Ur, Lurrin» erakusketaren osagarri, Zientziaren KutxaEspazioak, propio diseinatutako bost zientzia moduluren bitartez, hidraulikaren jenio nagusietako bik asmatutako zenbait makinarekin eragiteko aukera emango du. Siracusako Arkimedes eta Alexandriako Ctesibius dira bi jenio horiek.
ARKIMEDESEN TORLOJUA
Ura bizkor jaisten da aldapan behera eta, harrigarria den arren, abiadura berberaz igotzen da, torlojua biratze hutsarekin.
ARKIMEDESEN PRINTZIPIOA
Zer indar du Arkimedesi, bainuontzian zela, «Eureka!» oihu eginarazi zion urak?
CTSIBIUSEN PONPA
Eman iezadazue helduleku bat eta mundua mugituko dut (Arkimedes); eman iezadazue ponpa bat, eta urez hustuko dut (Ctesibius).
CTESIBIUSEN KLEPSIDRA
Ura etengabe mugitzen da eta, mugimendu horretan, minutuen bidez neurtzen du denboraren halabeharrezko joana.
|