ERAKUSKETA | JARDUERAK |
EDIZIOA |
LATINOAMERIKAR ARTEA
KOMISARIOTZA: Spanish Painter Society, Julína García Moreno, Rebeca García Truchado.
DATA: 2008ko uztailaren 23tik urriaren 5era arte
Oso gutxitan izan dugu hau bezain zabala eta osoa den XX. mendeko pintura latinoamerikarraren historiari buruzko erakusketa bisitatzeko aukera. Hirurogeita lau arte-lan dira, guztira, Venezuelako museo nazionalek eta Habanako Museo Nazionalak utzi dizkigutenak, eta lan horien bidez, Latinoamerikako pinturaren munduan nagusi izan diren joerak ezagutzeko parada eskaini nahi dizuegu. Asmo handiko helburua da hori, Latinoamerikako pinturaren ekoizpenak ezaugarri dituen aniztasuna, heterogeneotasuna eta eklektizismoa aintzakotzat hartzen baldin baditugu.
Latinoamerikaz hitz egitean, ezinbestez hitz egin behar dugu hainbat gertakizunek markatuta dagoen historiak definitzen duen eremu geografiko batez. Izan ere, europarren konkistak eta horren ondoriozko mestizajeak, baita bizirik iraun duten eta modernitatearekin elkar bizitzen eta nahasten saiatzen diren oso antzinako ondareek ere, eta orobat gizartearen, politikaren eta ekonomiaren alorretako haustura sakonek zehaztu dute Latinoamerikaren historia. Errealitate horiek, logikoa denez, kulturaren mundura ere iritsi dira, eta, hala, berezko nortasuna eskaini diote. Erakusgai ditugun lanetan, artista bakoitzak bere erara irudikatu du nortasun hori.
Proposamenen aniztasun horretan ordenaz barneratzeko, erakusketa bost gai handiren inguruan antolatu dugu. Horiek lagunduta, arte latinoamerikarrak XX. mendearen hasieran izan zituen aldaketa handietan barrena ibil gaitezke; hala, mexikar muralgileen eta Europako abangoardien eragina zein tradiziotik hurbil dauden joerak, hala nola, errealismo soziala eta indigenismoa ezagutuko ditugu; baita informalismoa edo itxura geometrikoko abstrakzioa ere; eta azkenik, 1940ko hamarkadaren bukaerako eta 1950eko hamarkadaren hasierako urteetako abstrakzio geometrikoa, forma guztiz puruak, edozein testuinguru edo irudikapenetatik kanpo zeudenak, bereganatu zituen arte-joera.
|