catalabanner

  ERAKUSKETA   EGILEA   PUBLIKO OROKORRA   FAMILIENTZAKO JARDUERAK   OBRAK  

 

catalablanco   

Francesc Català-Roca 1922ko martxoaren 19an jaio zen; Pere Català i Pic ospetsua zen haren aita. Argazkilaritza industriala eta publizitarioa ogibide zituen aitarekin hasi zen lanean 13 urterekin.  Català i Picek ez zien bizkar eman lengoaia grafiko berriei, eta gerra aurreko abangoardien diskurtsoetan interesatu zen, beroietan parte hartuz. Man Rayren obra ezagutu eta jarraitu zuen, eta errepublikarren aldeko propaganda-afixak egin zituen. Aprendiz ari zela, Francescek modernitatearen joerak eta aitaren jakin-mina jaso zituen.


Gerrak iraun artean, Francesc Kataluniako Generalitateko Comissariaten artxibategiaren arduradun eta inprentako laguntzaile gisa jardun zen. Publizitatearekin, grafismoarekin eta fotomekanikarekin harremanetan egon zenez, Català-Rocak argazkilaritzaren gaineko ikuspegi moderno bat garatu zuen. Gainera, propaganda komisariotzan lan egin zuenez, Durruti anarkista, Errol Flynn edota André Malraux ezagutu ahal izan zituen.


Gerra amaitu ostean, inprentan ikasitakoei esker –esaterako, offset makina erabiltzen–, familia osoa mantentzeko bidea eman zion lana aurkitu zuen. Era berean, hilotzen argazkilari gisa hasi zen lanean, senideek zenduen azken oroigarri bat gordetzeko ohitura baitzuten.


Bere argazki-laborategia ireki zuen 1948an, eta bere kasa jarduteak aitaren argazkigintza publizitariotik aldentzeko eta estilo propioa garatzeko aukera ekarri zion.


Francescek aitarengandik ezagutu zituen orduko korronte abangoardista ia guztientzat, argazkigintzaren funtsa manipulazio konplexu eta, oro har, oso landuko azken produktua gauzatzea zen. Horretarako zehaztasun handiz lan egin behar zenez, xehetasun tekniko guztiak izugarri zaintzen ikasi zuen, baina, aldi berean, bere argazki-filosofiak kontrako norabidea hartzera eraman zuen; irudiak ez manipulatzea hautatu zuen, ingurunea trikimailurik gabe iruditan ematea, kimika fotografikoaren beraren trikimailuei aski iritzita.

     

Bere hitzetan, argazki ona ondo kontatutako historia islatzen duen hura da. Sarri esaten zuen: «Gertuago nago literaturatik arte plastikoetatik baino». Ez zuen ezerk sumintzen pinturaren edo eskuz landutako beste arte batzuen, eskultura, kasu, aurrean kikildutako argazkilaritzak beste. Komunikabide anitza zeritzon argazkiari; irudi bakar batek kontaezineko erabilerak izan zitzakeen, dokumentala, adibidez; horretan zetzan aberastasuna. Catalàren iritzian, argazki bat ateratzea bakoitza nolakoa den ezagutarazteko eta besteak ezagutzeko bidea da. Kopien balioa edo erabilera komunikatzeko ahalmena da; jakitera emateko ahalmena. Horrenbestez, Català ez dago irudiak moztearen edo haiek kontu handiz markoztatu eta aurkeztu, eta objektu dekoratibo huts bihurtzearen alde; Català kopia ordezkagarriaren alde zegoen, eta aski babes zeritzon atzealdean zurezko listoiz eginiko armazoiari, zurruntasun nahikoa lortzeko.


Arte Plastikoen Sari Nazionala lortu zuen lehen argazkilaria izan zen, hirurogei urte zituela jaso zuena. Argazkilaritza oraindik ere ez zen arte plastikoetako bat ofizialki. Gerora sortu zen Argazkilaritzaren Sari Nazionala.


Berak jasotako saritzat hartu ordez, Espainian argazkilaritzari eginiko errekonozimendu gisa jaso zuen. Sari horri buruz honakoa esan zuen Catalàk: «Niretzat oso garrantzitsua izan zen, baina, batez ere, argazkilaritzari eman zioten saria; berehala etorri zitzaizkidan burura benetako irabazleak, nire aita, Man Ray, Bresson eta enparauak. Horiek dira nire zutabeak, horiei esker nago gaur hemen. Niri saria jasotzea egokitu zitzaidan. Izan ere, niretzat, bezeroak dira egiazko sariak, saritzen nautela iruditzen zait lanerako deitzen didatenean, eta, gainera, diru-sariak izaten dira. Ohorea da Chillida batek deitzea, argazkiak atera diezazkiodan. Hori da nire saria, horretaz bizi naiz».