ERAKUSKETA | EGILEA | PUBLIKO OROKORRARENTZAKO JARDUERAK | FAMILIENTZAKO JARDUERAK |
MENCHU GAL
Irun, 1919 - Donostia, 2008
Menchu Gal familia dirudun batean jaio zen eta oso goiz hasi zuen bere arte-heziketa Gaspar Montes Iturrioz-en eskutik.
13 urte zituela Parisko Amédée Ozenfant-en akademiara joan zen ikastera, han ematen zituelarik eskolak Léger-ek ere.Parisen inpresionistak aurkitu zituen eta batez ere fauvistak eta Matisse, eragin handia izan zutenak Menchuren margolaritzan.
Madrilgo Arte Ederretako San Fernando Eskolan jarraitu zuen bere heziketa eta Aurelio Arteta margolariaren eskolak jaso zituen.1936an Gerra Zibila piztu zenerako, Menchu Galek eginak zituen hainbat erakusketa Madrilen, Donostian eta Bilbon.
Aita Gerra Zibil garaian hil zen eta Menchu Galek Frantziara ihes egin zuen familiarekin.
Handik itzuli ondoren, familiaren egoera ekonomikoa txarra izan arren, ezin zuen etsi margolari izan gabe: bidaiak egin zituen Madril eta Parisera, baita hainbat erakusketa ere.
1945ean berriro joan zen Madrilera bizitzera eta han ezaguturiko José Gutiérrez Solanak jarri zuen harremanetan Madrilgo Eskola Gaztea sortuko zuten artistekin:Daniel Vázquez Díaz, Benjamín Palencia, Pancho Cossío, Rafael Zabaleta eta Juan Manuel Díaz Caneja-rekin.Menchu Gal talde hartan sartu zen eta beraiekin zenbait talde-erakusketa egin zituen 1962ra arte.
40ko eta 50eko hamarkadetan, erakusketa ugari egin zituen: estatuan egindakoez gain, 1947an Espainiako Arte Garaikidearen Erakusketan parte hartu zuen Buenos Airesen eta Nazioarteko XXV. Bienalean Venezian 1948an. 1956an berriro hautatu zuten Veneziako Bienalerako eta Londresko Tate Galleryko “Espainiako pinturaren mende bat” erakusketan parte hartu zuen.Baina ospea 1959. urtean etorriko zen, Pinturako Lehen Sari Nazionala jaso zuen lehenengo emakumea izan baitzen.
1960ko eta 1970eko hamarkadetan ere erakusketak egiten eta sariak jasotzen jarraitu zuen. Donostian bi erakusketa antologiko egin zituen: lehenengoa 1986an San Telmo museoan, eta bigarrena 1992an Kutxaren Gizarte Ekintzak Garibai kalean duen erakusketa-aretoan.
2003an Madril utzi eta Irunera itzuli zen, jaioterriari atxikia sentitu baitzen bizitza osoan, eta bertan hil zen 2008an.