Banerkubo

  ERAKUSKETA   GAO XINGJIAN OBRAK   PUBLIKO OROKORRA   HEZKUNTZA JARDUERAK   EDIZIOA  

 

gaoxingjian  

Gao Xingjian 1940an jaio zen Txinako Ganzhou hirian, eta figura polifazetikoa da: eleberrigilea, poeta, antzerki-zuzendaria eta drama-idazlea, opera-egilea, arte eta literatura-kritikaria, baita artista plastikoa ere. Pekinen frantsesa ikasi ondoren, itzultzaile gisa lan egin zuen eta, ondoren, gidoilari izan zen Pekingo Arteen Herri Antzokian. Bere Alarma-seinalea (1982) eta Autobus-geltokia (1983) antzerki-lanen ondorioz, Txinako agintariek kultura-kutsaduraz salatu eta adierazpen-askatasuna mugatzea erabaki zuten, eta azkenean, 1986an, debekatu egin zuten Gaoren lana. Orduan, Parisera erbesteratu zen, eta 1987tik bertan bizi da; 1997an frantziar herritartasuna lortu zuen. Harrerako herrialde honetan eman zuen argitara, besteak beste, Arimaren mendia (1990), idazle gisa ospetsu bihurtu zuen eleberria; 2000. urtean Literaturako Nobel Saria eman zioten, eta hori lortu zuen lehenengo txinatar idazlea izan zen; gero Frantziako Errepublikako presidenteak Ohorezko Legioaren Ordenako Zaldun ere izendatu zuen, jaso duen sari nagusietako bat. Gaur egun Gao Xingjian Txinako letren funtsezko figuretako bat da, baina margolari gisa, bide luzea egin duen arren, oraindik ez da oso ezaguna Donostiako ikusleentzat. Bere alderdi honek nazioarteko kritikaren onespena izan du, eta 1985etik erregulartasunez egin ditu erakusketak Europan, AEBetan eta Asiako hainbat lekutan, eta gainera munduan dauden bilduma garrantzitsuetako parte ere bada; erakusketa horien artean, aipagarria da 2002an Reina Sofia Arte Zentro Museo Nazionalean egindako aurkezpena.

 

Gao Xingjian-ek esan ohi du bere hitzak iristen ez diren tokian hasten direla bere margolanak. Izan ere, margolari eta idazle gisa dituen jarduerak paraleloan garatu dira eta dedikazio bat beraren emaitza dira, eta haren lanean literatura eta artea bata bestearentzako inspirazio-iturri dira, baina ez dago hitzentzako lekurik haren margolanetan.