ERAKUSKETA:
2022ko urriaren 21etik 2023ko urtarrilaren 22ra Komisarioa: Mikel Lertxundi Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailuak, elkarlanean, Carlos Sanzen obra ikertzeko eta berreskuratzeko proiektu bat garatu dute; izan ere, 2021ean, artistaren familiak haren artxiboa eta pieza mordoxka bat eman zizkion Gordailuari. Prozesu horren guztiaren emaitza dira erakusketa eta katalogo hau. Familiak emandako materiala eta beste funts instituzional zein pribatu batzuetan gordetakoa aztertu eta gero, Mikel Lertxundi Galiana komisarioak 130 pieza hautatu ditu, 1963tik 1986ra bitarte egindakoak. Hala, ibilbide kronologiko bat osatu du Carlos Sanzen garapen labur baina emankorraren harira. Obrekin batera, dokumentu argitaragabeak ikusgai daude.
Carlos Sanzen lana ondo ezagutzen eta estimatzen da artearen munduan; hala ere, publiko orokorrarentzat itzalean geratu da azken 25 urteotan. Beraz, aukera bikaina da hau artista itzel bat ezagutzeko, zeinak, baldintza desberdinak izan balitu, beste posizio bat lortu izango baitzukeen, ziur bai ziur, tokiko eremutik harago. Agerian geratu da haren marrazkien eta margoen kalitatea, eta argi dago, halaber, Euskal Herriko kultur egitasmorik garrantzitsuenetako batzuetan parte hartu zuela 1960-70eko hamarkadetan. Erakusketan 3 espazio daude, eta obrak ordena kronologikoan antolatu dira, ekoizpenaren bilakabidea hobeto ulertzeko. Ondorioz, elkarren aldamenean daude olioak eta marrazkiak; batera erakutsi ditu komisarioak, artistak aldi berean hainbat teknika erabiltzen zituela adierazteko:
Kanpoaldetik barrualdera Prestakuntza artistiko apur bat jaso ostean, Carlos Sanz Zuzenbidea ikasten hasi zen 1960an. Garai hartan margotzeari utzi zion, baina ez marrazteari. Marrazki kritikoak, ironikoak, satirikoak eta makabroak egiten zituen, baina bere bizipenen ondorio ziren; bestalde, lan intimoago batzuk ere egin zituen. Besteak beste, honako gai hauek landu zituen: menderakuntza politiko, erlijioso, sozial eta arrazazkoa, erregimen frankistaren eta Elizaren elkarbizitza, herri xehearen etsipena eta sexu-errepresioa; gainera, eguneroko kostunbrismoaren ikuspegi burlatiak ere egin zituen. 1966-67an Vietnameko gerra salatzeko sorta bat egin zuen Margolaritzara 1964an itzuli zen. Lehenik, esperimentu tekniko zein formaletan murgildu zen, informalismora eta figurazio espresionistara itzuliz. Garai horretako ekoizpenaren xedea margo-materia nabarmentzea zen: enpaste indartsuak erabiltzen zituen, margo freskoa kentzen eta harramazkatzen, zabalera desberdineko lerro bat tantaka marrazten; funtsean, garrantzi handia ematen zion margotzeko keinuari, bere hurrengo obretan inplizituki agertzen zena baino indarkeria erraietakoago bat islatzeko. Hamarkadako bigarren erdiko olio askotan, odolarekin batera, bestelako elementu batzuk agertu ziren, gerora bere unibertsoan hainbat aldiz errepikatuko zirenak, hala nola ateak, leihoak, markoak eta oheak. Azken elementu horrek –sarritan esku-oheak edo etzalekuak izaten dira–, modu sinbolikoan, gogora dakar artistaren gaixotasuna, zeinaren eraginez ohean etzanda egon behar izaten baitzuen bolada luzetan.
Barrualdea Erdiko espazio handian bizitegi suerte bat dago, Carlos Sanz 1968tik hil arte bere obretan erakusten hasi zen gelen tankerakoa. Bertan, artistaren margorik ezagunenak daude: obra askotan, elementu bertikalek eta horizontalek antolatzen dute espazio abstraktu bat, non elementu organiko bat agertzen baita, homunkulo bat. Izaki hori hainbat modutan uler daiteke: artistaren alter egoa, gaitzaren dramarekin bizi dena, edo usteltzen ari den mundu baten isla sinbolikoa. Hamarkada berriarekin, artistaren kolore-paleta argitu zen. 1972tik aurrera, berriz, espazioaren faktorea nabarmendu zen, tentsioa sortuz bi elementu hauen artean: batetik, espazioaren zehaztapen perfektua; bestetik, espazio horretan bizi diren konkorren zehaztugabetasuna. Aurreko urteetako ukimen-elementuak (enpasteak; soka, hondar edo paperen gehikuntza) murriztu ziren, eta pintura urtuagoa garatu zuen artistak, nahiz eta keinu espresionistari eutsi zion elementu organikoen kasuan. Garai horretan, zirkuluak eta obaloak agertu ziren, ikuslearen begirada fokalizatzeko xedearekin. Espazioa are gehiago zabaldu zen 70eko hamarkadaren bukaeran eta 80koan. Eszenatokia zabaldu izanaren ondorioz, nabarmen agertzen zaigu Sanzen konposizioetan gailentzen den isiltasuna, eta ziurgabetasun-sentsazioa areagotzen da orobat; izan ere, dekoratua aldatu ez arren, protagonistak arropa eta erraien nahas-mahas soilak bihurtzen dira.
Collagea, poesia eta espiritu kolektiboa Areto honetan Sanzen collageak eta bestelako arlo kultural zein artistikoetan egindako ahaleginak erakusten dira; izan ere, eremu asko interesatzen zitzaizkion (besteak beste, haren ekin literarioa erakusten dugu). Gainera, arteari dimentsio soziala eta kolektiboa gehitzeko asmoa zuten egitasmoetan jardun zen Sanz (GAUR taldea, Gipuzkoako Herri Estanpa, Korain taldea), eta alderdi hori ere ikusgai dago areto honetan.
© La Infanta, 1965
ARTISTA:
Carlos Sanzen bizitza pertsonala hemofiliak markatu zuen; gaitz horren ondorioz, pertsona hauskorra zen fisikoki. Alabaina, gizon bizia, sortzailea eta jakin-min handikoa izan zen, eta Donostiako intelektual eta artistarik famatuenengandik gertu ibili zen 60ko eta 80ko hamarkadetan. Zuzenbidea ikasi zuen, eta asko interesatzen zitzaion zinema; hala, hiriko kultur bizitzan aritu zen: besteak beste, GAUR talde ospetsuan (1966), haur eta gazteentzat film laburrak ekoizteko asmoa zuen Korain taldearen sorreran (1964) eta Gipuzkoako Herri Estanpan (1968).
Haurra zela, Ascensio Martiarenaren estudioan ikasi zuen; horren ostean, artista autodidakta izan zela esan dezakegu: besteen obrari so eginez ikasi zuen (Goya, Bacon eta Saura aintzat hartuz, adibidez), bai eta bere esperimentazioaren bidez ere. 1957tik aurrera, aukerarik suertatu aldiro, erakusketa kolektiboak eta bakarkakoak egin zituen, eta hainbat lehiaketa eta saritan parte hartu zuen –tokikoak zein nazionalak–; lehenik, lehiakide gisa, eta, 1967tik aurrera, baita epaimahai moduan ere.
1987an hil zen, gazterik. Harrezkero, bi erakusketa baizik ez zaizkio eskaini (San Telmo Museoan eta Koldo Mitxelenan), duela 20 urte baino gehiago.
Argazkia © Jesús Uriarte ACTIVIDADES:
Doako bisita gidatuak Larunbatero* 17:30 euskeraz / 18:30 gazteleraz Derrigorrezkoa da aurrez izena ematea aretoan bertan, T 943 251939 edo
This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.
*Abenduaren 24an eta 31n itxita arratsaldez
Carlos Sanzen obraren kontserbazio- eta karakterizazio-azterketa Azaroak 10 | 18:00 Brenda Traver kontserbadore eta zaharberritzailearen hitzaldia. Gazteleraz | Doakoa Webgunean aldez aurretik izena emanda
Carlos Sanzi buruzko ikerketa-prozesua Azaroak 17 | 18:00 Mikel Lertxundi Galiana eta Juan Pablo Huercanos ikertzaileen arteko elkarrizketa. Gazteleraz | Doakoa | BETETA
KATALOGOA:
Salneurria:40 € (BEZa barne) Hizkuntzak: euskara y castellano. Testuak: Mikel Lertxundi, Juan Pablo Huércanos eta Félix Maraña Kutxa Fundazioa Edizioa
ERAKUSKETA-GIDA:
Deskargatu hemen erakusketa-gida.
@kubokutxa
|