Generico 1010 x 400 px EU 

 


ERAKUSKETA:

 

 

B-002

 DONOSTIA, MODA-ESZENA

 

2023ko ekainaren 22tik urriaren 15era

 

 

 

 

Komisarioa: Miren Arzalluz Loroño

 

     

                                                                               

XX. mendearen hasierako moda erakutsiko dugu, argazkilaritzaren bidez, Kutxa Fundazioaren Fototekaren 50. urteurrena ospatzeko

 

Kutxa Fundazioaren argazki-funtseko ehundik gora argazki biltzen dira erakusketan. Artxiboko bi funts nabarmenetakoak dira argazki guztiak: Photo Carte eta Foto Marín.

 

Museografiak aretoetan barrena ibiltzera eta XX. mendeko giroan murgiltzera garamatza. Horretarako, argazkiez gainera, ikus-entzunezko material batzuk ere aukeratu dira, garaikoak, irudi finkoei bizitza emateko. Ikus-entzunezko materialak Euskal Filmotekak lagatakoak dira.

 

Piezak aukeratzea ez da erraza izan, material asko zegoelako eskura, baina argazkiek erakusten digute moda ezinbesteko faktorea izan zela Donostia nazioarteko aisia- eta sozializazio-gune bihur zedin XX. mendeko lehen hamarraldietan. Garai hartan, Côte Basque edo Euskal Kostaldea turismo-lurralde gisa finkatu zen.

 

Bilakaera hori XIX. mendearen azken herenean abiatu zen, errege-erreginak orduantxe hasi baitziren udaldiak Donostian igarotzen, eta, hala, gortesauak, aristokratak, politikariak, industria-gizonak, intelektualak eta artistak ere erakarri zituzten. Fenomeno hori nabarmen hazi zen hurrengo mendeko lehen hamarraldietan. Miren Arzalluz komisarioak hala dio bere testuan: «Hiri modernoetako esperientziaren bertsio trinko bat eskaintzen zuen Donostiak udaldiz udaldi: kaleak, hiribideak, parkeak, lorategiak eta paseoak; kasinoak, hotelak, antzokiak eta kafetegiak; kontzertuak, antzezlanak, maskara-dantzaldiak eta kermesseak. Halako lekuak, bada, oholtzen parekoak bihurtzen ziren, eta Donostiako esperientziaren funtsezko alderdi bat zen eszena horietan jendea ikustea eta ikusia izatea, bai harreman sozialei zegokionez, baita moda-performance indibidual eta kolektiboen harira ere».

 

Modarekin eta merkataritzarekin lotutako ofizioek bultzada erraldoia jaso zuten, luxuzko salgaiak kontsumitzera ohitutako bezeroen eskaerak eta premiak asetzeko ahalegina egin baitzuten, eta hiriaren oparotasunean eragin zuen jarduera ekonomiko horrek.

 

Erakusketaren diskurtsoa 6 ataletan antolatuta dago, gaiaren arabera. Horrela, testuinguru sozial bakoitzean janzkerak nola aldatu ziren ikusten dugu, izan ere, 1930eko hamarraldira arte, modaren arloan kode zorrotzak izaten ziren, eta eguneko une bakoitzak bere janzkera propioa eskatzen zuen.

 

 

escenas de playa

Hondartza-eszenak. Estilo eta askatasuna

 

Donostiaren historian, Kontxako hondartza izan da hiriaren xarma turistiko nagusia; lehenik, leku terapeutikoa izan zen, hertsiki, baina laster asko aisialdirako gune izatera igaro zen.

 

Emakumeen bainujantzia apenas aldatu zen 1910eko hamarkadan, xehetasun txiki batzuk gorabehera. Egiazko iraultza 1914an iritsi zen Donostiako hondartzara: emakume artista batzuek maillot ezaguna jantzi zuten —gizonen moduko mono bat, artile-puntuzkoa, zeina gorputzaren formetara egokitzen baitzen, eta agerian uzten zituen besoak zein zangoak—. 1920ko hamarralditik aurrera, hura izan zen bainujantzi nagusia.




 

escenas urbanas

Hiri-eszenak. Ikustea eta ikusia izatea

 

Udan, hiriko espazio publikoa (hotelak, kafetegiak, jatetxeak, dendak, antzokiak eta pasealekuak) dotorezia erakusteko oholtza bihurtzen zen. Donostiako udararen ezaugarri funtsezkoa zen hori, baita hiriaren xarma nagusietako bat ere.

 

Donostiako udatiarrek jantzitegi zabal bat prestatzen zuten uda-sasoirako, jantzi eta osagai aproposak izan behar baitzituzten Donostiako ekitaldi sozial guztietarako. Hala, enkarguak egiten zizkieten, aldez aurretik, Madrileko, Pariseko edo Londreseko jostun eta sastreei, denboraldiko azken joerak aintzat hartuz betiere. Donostiako egonaldian, udazkenerako jantzi berriak ere erosten zituzten Donostiako moda-dendetan edo Miarritzen bestela, izan ere, Pariseko moda-etxe nagusiek beren sukurtsalak ireki zituzten kostako herri horretan XX. mendeko lehen urteetan. 



hipica

Hipika eta zezenak. Desfilea eta ikuskizuna

 

Bai zaldi-lasterketak bai zezenketak erakargarriak ziren bertako zaleentzat zein bisitarientzat. Bi gertaeretan, era askotako ikus-entzuleak elkartzen ziren, sofistikatuak eta kosmopolitak, eta, haien itxura kontuan hartuta, Lasarteko Hipodromoa eta Txofreko zezen-plaza moda-ikuskizun bilakatzen ziren.

 

Ricardo Marínen argazkiek islatzen dutenez, goi-joskintzako etxeetako modeloak paseoan ibiltzen ziren Lasarteko hipodromoko zelaian eta tribunetan, Pariseko eremuetan bezain aise. 







deportes

Eliteko kirolak. Erosotasuna eta sport moda

Donostian kirol-jarduerak eta bestelako ekintzak egiten ziren aire zabalean, eta hiriaren erakargarri nagusietako bat horixe izan zen, agintariek zein egitasmo pribatuek hauspotuta. Lehiaketa-espazioak, bada, aisiarako eta sozializaziorako espazio bihurtu ziren, eta orobat balio zuten norbere estiloa eta dotorezia agertzeko.

 

Gainera, kirolerako jantziak ere garatu ziren, erosotasuna eta mugimendu-askatasuna bermatzeko eran; hala, gorputzaren eta jantziaren arteko harremana birdefinitu zen. Horrela jaio zen sport moda, kirolaren arlotik harago; laster asko korronte nagusia izan zen Pariseko zein nazioarteko modan.



 


vida social

Bizitza soziala. Luxua eta sofistikazioa

 

Kultur programazioa oso aberatsa zen mendearen hasieratik, baina 1925etik aurrera, jokoa debekatu zenez, eta turismoa gero eta gehiago demokratizatu, kultur eskaintza are gehiago nabarmendu zen hirian, Miarritzerekin eta mugaz beste aldeko euskal hondartza batzuekin parez pare lehiatzen segitu ahal izateko.

 

Gainera, egokiera bakoitzak bere janzkera eskatzen zuenez, arropa-eskaera ere hazi zen, eta, horrekin batera, baita jostundegiak eta era guztietako osagaien dendak ere (kapelak, eskularruak, bitxiak...).




 


moda-web

Modistak eta sastreak. Ofizioa eta bikaintasuna

 

Donostian moda-merkataritza loratzearekin batera, emakume askok —modistak, sastreak, kapelagileak, ebakitzaileak, probatzaileak, brodatzaileak, saltzaileak eta modeloak, besteak beste— modua izan zuten, industria indartsu horri esker, independentzia lortzeko, ekiteko eta sortzeko.

Lanbide-heziketarako erakunde ugari zeuden, hala eskola artistikoak nola teknikoak, baina modaren industrian lan egin nahi zuten neska askok etxean edo familian ikasten zituzten ikasi beharrekoak, eta, ondoren, lantegietara edo dendetara jotzen zuten beren trebetasunak fintzera; Donostiara, Miarritzera edo Bilbora jotzen zuten, baina baita Europako hiriburuetara ere, hala nola Parisera, Londresera edo Madrilera. Batzuetan, beren negozioa ere zabaltzen zuten.  

 

 

 

 Laguntzaile:

images

 


JARDUERAK:

 

Doako bisitak gidatuak

Larunbatero

17:30 euskeraz / 18:30 gaztelaniaz

Derrigorrez izena eman behar da aretoan bertan, T 943 251939 edo  This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Hitzaldia

La Côte Basque, ideia eta joera berrien laborategia

Irailak 21, osteguna | 18:30

Miren Arzalluz Loroño. Komisarioaren eskuz

Doan | Gastelaniaz

BETETA!

 

Gipuzkoa, ehungintza:herentzia eta egiten jakitea.

Kutxa Kultur Modaren lankidetzarekin.

Lau diseinatzaile, lau proiektu: denek ere loturak eta zubiak ezarri dituzte lurraldeko industriarekin, ondarearekin eta gaitasunarekin, eta gure orainaldira hurbildu dituzte. 

 

Tytti Thusberg for Boinas Elósegui - autore txapelak.

Uztailak 6, Osteguna | 18:30

Prozesuaren eta proiektuaren faseen aurkezpena.

Doan | Gazteleraz

 

Kotoi: iraganean inspiratua, etorkizunera begira diseinatua

Abuztuak 3, osteguna | 18:30

Personas azules performancea, dokumentalaren emanaldia eta markaren aurkezpena.

Gazteleraz | Doan

BETETA!

 

Amarenak: jantzita eramaten diren istorioak

Irailak 7, osteguna | 18:30

Bergara bildumaren aurkezpena eta fashion filmaren emanaldia

Doan | Gazteleraz

BETETA!

Aldez aurretik izena derrigorrez izan behar da. Webgunearen bitartez.

 

Fanny Alonso - Kotoiaren emakumeak. Bizi istorioak

Urriak 5, osteguna | 18:30

Proiektuaren, erakusketaren eta bisita gidatuaren aurkezpena, kotoi-lantzaileen ahozko lekukotasunekin

Doan | Gazteleraz

BETETA!

Aldez aurretik izena derrigorrez izan behar da. Webgunearen bitartez.

 

 

Erakusleihoak 1915-1935

Lankidetza bat egingo dute XX. mendearen hasierako moda- eta perfume-dendek, Kubo Kutxa eta San Telmo Museoak, bi erakusketa hauen harira: Donostia, moda-eszena eta Clima ideal. Udako kartelak.

Ibilbidea bat historia aztertzeko erakusleihoen bitartez.

Zatoz, eta deskubritu erakusleihoen iragana eta oraina.

 

 

Parte-hartzaileak:

Casa Ponsol, 1838 (Narrika, 4)

Guante Varadé, 1902 (Boulevard, 16)

Irulea, 1932 (Mayor, 7)

Perfumería Benegas, 1908 (Garibay, 12)

Perfumería Matilla, 1928 (Mayor, 7)

PYC, 1930 (Mayor, 15)

Sombrerería J. M. Leclercq, 1932 (Narrika, 18)

 

 

 


KATALOGOA: 

 

moda-katalogoa

 

DONOSTIA, MODA-ESZENA

Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez

 

Testuak: Miren Arzalluz Loroño

 

ISBN:978-84-7173-616-1

 

Salneurria: 37€

 

Erakusketa honekin batera katalogo bat argitaratu dugu, argazki-funtsaren berrogeita hamargarren urteurrena omentzeko ahaleginean; hori dela-eta, mimo handiz zaindu dugu edizio-prozesu osoa.

 

Miren Arzalluzen testuak zehatzak eta zorrotzak dira, baina baita edonork irakurtzeko modukoak ere, eta agerian uzten dute argazki hauen garrantzia: irudi hauek lekukotasun eskaintzen dute Euskal Kostaldeko modaren garapenean izandako une historiko liluragarri bateko kodeak eta modak ezagutzeko.


 

 


ERAKUSKETA-GIDA:

 

Deskargatu hemen erakusketa-gida.

moda-sala-eusk

 


Argazki guztiak Kutxa Fototekako Photo Carte eta Foto Marín Funtsetakoak dira.


    

@kubokutxa